Arrasaten patinete elektrikoen erabileraren "kontrol ezari" buruzko "kezka maila larria" erakutsi du Arrasateko EAJk. "Joan den zapatuan ezbehar tragiko bat izan zen, non txakur bat hil zen ibilgailu horietako batek harrapatuta. Gertaera horrek eztabaida berpiztu du herrian; izan ere, auzokide asko kezkatuta daude oinezkoen eremuetan, bereziki alde zaharrean, patineteak gero eta azkarrago eta maizago ibiltzen direlako", azaldu dute.
Hala, hiru neurri proposatu dituzte. "Batetik, eskatzen dugu Udaltzaingoak egunero kontrolak egin ditzala hurrengo hiru hilabeteetan, baimendu gabeko eremuetan dabiltzan patinete elektrikoen erabiltzaileak identifikatu eta zigortzeko". Bestetik, informazio kartelak jartzea eskatu dute, "bereziki hirigune historikoan, gogoraraziz patinete elektrikoak ez direla erabili behar oinezkoen eremuetan". Azkenik, behin betiko erregulazioa aldarrikatu dute. "Patinete elektrikoen erabilera arautuko duen ordenantza espezifiko bat garatzea, datorren urtearen hasieran onartu eta berehala martxan jartzeko helburuarekin".
Hain zuzen, urriaren 7ko osoko bilkuran Ander Garay udal bozeramaile jeltzaleak ibilgailu horien erabilera arautzeko beharra planteatu zuen, eta Garazi Etxeberria Hirigintza, Mugikortasun eta Trantsizio Ekologikorako zinegotziak zera erantzun zion: "Mugikortasun Planaren baitako ekintzetako bat trafiko ordenantza idaztea da eta hor era guztietako ibilgailuak sartuko dira, baita patineteak ere. Beraz, guztia arautzea da asmoa".