Gipuzkoako Foru Aldundia astelehenean, hilak 20, hasiko da San Josepe auzoa GI-627 errepidearen zaratatik babesteko pantailak akustikoak jartzen. Esku hartze hau 2024ko azaroan onartutako Zarataren aurkako Ekintza Planaren parte da.
Egindako azterlanen arabera, 372 pertsonari egingo diote mesede lanek. "Hilabete gutxi barru, San Josepen bizi direnek hobekuntza nabarmena sumatuko dute auzoan", esan du Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak.
148 metroko pantaila lerro bat
Proiektuak jasotzen du lau metroko garaiera duen hormigoi armatu fonoxurgatzailezko 148 metroko pantaila lerro bat jarriko dela. Lanek 535.697 euroko aurrekontua dute hiru hilabeteko epean egingo ditu Aldundiak.
6.000 ibilgailutik gorako batez besteko intentsitatea duten errepideetan ari da Aldundia neurriak hartzen. GI-627 errepidea horietako bat da, bereziki Arrasate parean. "San Josepen jardungo dugu orain, eta ospitalearen ingururako proiektua ere idazten ari gara", aurreratu du Urkolak.
Errepide berean baina ospitale parean 115 metroko beste lerro bat jartzeko proiektua lantzen ari da Aldundia. Azterlana hori amaitzen ari direla esan du Urkolak.
Lanak egunez
Lanak egunean zehar egingo dituzte eta denbora horretan errei bat itxita egongo da. Zirkulazioa semaforo bidez antolatuko da. Proiektuak aurreikusten du, gainera, euri uren drainatzea hobetzeko lan osagarriak egitea: birlandaketak, paisaiaren lehengoratzea... Horiek guztiak dira "azpiegitura berria ingurunean behar bezala integratzen dela bermatzeko zein espazioaren funtzionaltasuna eta ingurumen kalitatea hobetzeko".