Hainbat lursailetako mugarrien planoak eta koordenatuak, liburuxka batean jasota

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko urriaren 14a

Arrasateko Udalak jakinarazi du amaitutzat eman dituela udalerriko bosgarren, seigarren eta bederatzigarren poligonoetako landa-lurren mugen jasotze topografikoko lanak, hau da, Meatzerreka, Udala, Zaldibar, Musakola eta Uribarrikoak. 

Geograma enpresak, lursailen jabeekin elkarlanean, horien muga eta mugarrien planoak eta koordenatuak bildu ditu, eta informazio hori jasotzen duten liburuxkak osatu.

Lursailen jabeek azaroaren 5ean jaso ahal izango dituzte liburuak, Kulturateko areto nagusian, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Halaber, Udalak adierazi du jasotako dokumentazioarekin desadostasunik izanez gero, 30 eguneko epea izango dutela erreklamazioak aurkezteko, Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZ), ohiko ordutegian. 2025eko abenduaren 3aren ondoren aurkeztutako erreklamazioak, ordea, ez ditu Geogramak aztertuko.

Azaroaren 5ean joan ezin duten jabeek, halaber, aukera izango dute dokumentazioa jasotzeko Udaleko Hirigintza Sailean, azaroaren 6tik abenduaren 5era, 09:00etatik 14:00etara. Udalak eskerrak eman dizkie lur-jabeei, lankidetzagatik eta lursailetan bertan egindako lanagatik, "proiektuaren arrakastarako funtsezkoa izan baita".

Formatu digitalean ere bai

Liburuxka formatu digitalean jaso nahi dutenek, eskaera egin ahal izango dute, deslindes2@geograma.com helbide elektronikora mezua bidalita, katastroko titularra eta udalerria adieraziz. Zalantzak argitzeko, Geogramarekin harremanetan jar daiteke, 644 98 70 86 edo 945 13 13 72 telefonoetara deituta.

Erregistroko akatsak zuzentzen

Iaz bezala, Udalak, Geograma enpresaren laguntza teknikoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren dirulaguntza baliatuta, landa-lurretan kokatutako 1.095 hektareako azalera duten 454 lursail baino gehiago mugatzeko lanak egin ditu.

Dagoeneko honako poligono hauek aztertu dituzte: 1, 2, 3, 5, 6, 9, 10 eta 11. Gainerako poligonoak hurrengo urteetan egingo dituzte, 4, 7 eta 8 poligonoak, hain zuzen.

Proiektuaren helburuak, Udal Gobernuaren esanetan, honako hauek dira: katastroko mugetan egon daitezkeen balizko akatsak argitzea, horiek zuzentzea eta muga zein mugarriei GPS koordenatuak ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak