Hemezortzi urte ditu Bingen Errasti (2007) joko antolatzaile arrasatearrak (193zm). Ointxe!-ko harrobiko mutilak Bilbao Basketen harrobian jokatzen dihardu, aurten sortu berri duten U Ligan –22 urtez azpiko promesen kategoria da–, eta horrekin batera Espainiako selekzioko kideekin izan da udan hilabetez entrenatzen, Georgian egin dituzten European Youth Summer Olympic Festival delako txapelketarako aurretiko aukeratuen artean egon zen eta.
Bada, Surne Bilbao Basketek gaur iluntzean (20:00, ETB4) duen partiduan izango da arrasatearra, deialdian sartu du eta taldeko entrenatzaile Jaume Ponsarnauk. "Denboraldiaurrean zenbait lagunarteko jokatu ditu talde nagusiarekin, eta gustura ibili da. Aste barruan ere lehenengo taldearen dinamikan dabil lanean. Europako partiduetan normala izango da deialdian ikustea, izan ere, txapelketa horretan –Europe Cup– taldeak derrigortuta daude deialdian bost kupo izatera –etxeko jokalariak–, eta atzerritar baten lekua betetzen du Bingenek deialdian. Gaur zaila izango da Bingen kantxan ikustea, baina nork daki, gu partidua ikustera joango gara", adierazi dio GOIENAri Bingenen aita Iker Errastik.
Greziako Peristeriren kontra, gaur
Hain zuzen, Surne Bilbao Basket aurreko denboraldian irabazitako Europako FIBA Kopa defendatzen hasiko da gaur, martitzena, Bilbao Arenan jokatuko duten partiduan. Ponsarnauren mutilek Peristeri izango dute aurrean, Greziako ligako liderra lehen bi jardunaldien ostean, bi partidak irabazi dituzten hiru taldetako bat baita. Jaume Ponsarnau entrenatzaileak adierazi du partiduaren atarikoan lehia "oso interesgarria" izango dela, eta bertako ikusleentzat pizgarriz beteko partidua dela. "Partidua aprobetxatzen saiatuko gara taldearen lehiakortasun mailari dagokionez urrats bat igotzeko. Lehen partida hau oso interesgarria da Bilbao Arenara etorri nahi duen ororentzat. Aurkariak zorrotz hartuko gaitu. Guk, berriz, gure zaleekin eta gure kantxarekin lotura sendotzen jarraitzeko baliatuko dugu partidua".
Zaila izango da jokalari gazte arrasatearra kantxan ikustea, baina, sari ederra izango da Bilbao Arenako aulkian egotea, harrobiko taldean lan ona egiten dabilen seinale.
U ligan hasi berri dira
Hain zuzen, Errastiren Bilbao Basketek joan den asteburuan hasi zuen U liga, eta bizkaitarrek hiru puntugatik galdu zuten (83-80) Gran Canariaren kontra. Arrasatekoak 28 minutu jokatu zituen (15 puntu, eta lau errebote) Hemen partidua: