Arrasateko Mugimendu Feministak, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginda, elkartasuna erakutsi zion atzo palestinar herriari, eta zehazki, emakume palestinarrei. Elkarretaratzea emakume palestinarrek argitaratutako agiri bati emandako erantzuna eta elkartasun mezua izan zela adierazi zuten: "Emakume palestinarrek duela aste batzuk mezu argi bat helarazi ziguten agiri baten bitartez: Emakume palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatu, Palestinaren aldeko ekimen eta mobilizazio feministak antolatu, erakunde eta gobernuei presioa egin Israelera armak bidaltzeari uzteko eta Israelen aldeko eta okupazioaren erregimena betikotzen duten enpresa eta erakunde guztiei boikota egin".
"Genozidioa hau kolonialismoaren eta harreman kolonialen isla argia da" adierazi zuten elkarretaratze amaierako irakurketan. "Mendebaldeko herrialdeek Israel babesteko duten interesa" da Mugimendu Feministarentzat harreman kolonial hauen froga. Hainbat adibideren artean, Mendebaldeko sektore batzuek feminismoa eta LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak Israelen aldeko gezurrak zabaltzeko erabili izana salatu zuten. Aurrez ere, Euskal Herriko transmaribollo komunitateak "Israel egiten ari den pinkwashing-a" salatu izan duela gogorarazi zuten.
"Egoerarekiko posizio argia agertzea besterik ez dagokigu. Europako herrialdeetatik eta zuri bezala dugun erantzukizuna salatu behar dugu, baita Israelen konplizitatek salatu ere. Ez diezagutela sinestarazi ez dugula zereginik" azaldu zuten mugimenduko kideek, eta feministak Israelen aurkako boikot kanpainetan parte hartzera deitu. Amaitzeko, sinatu berri den bake akordioaren baitan, hau Israelen genozidioa estaltzeko eta Palestinaren kolonialismoa betikotzeko ez erabiltzea exijitu zuten.