Araian gauerdian hasi eta 100 kilometrotako mendi zeharkaldia egin eta gero –Aizkorri, Anboto eta Gorbeia igo ostean–Barrundiako Julen Martinez de Estibarizek, Aguraingo Jokin Garciak eta Arrasatekon Andoni Azkaratek osatu dute aurtengo Hiru Handiak probako gizonezkoen podiuma. Emakumezkotan, berriz, Abadiñoko Ainara Arkarazok irabazi du lasterketa –lerro hauek idatzi ditugunerako (12:45) bara bakarrik zegoen helmugara iritsita–.
Arrasatekoak 11.07ko denbora egin du, eta bi minutura izan du bigarren sailkatua. "Ez neukan oso garbi ze erritmotan irten, halako proba luze baterako ez dudalako entrenamendu espezifikorik egin, baina aurreko taldearekin joateko erabakia hartu dut, iristen nintzen arte, eta ondoren pentsatu dut lasterketak jarriko ninduela nire tokian. Bada, 50. kilometroan, Kurtzeta inguruan, oso indartsu sentitzen nintzen eta aurrera egin dut. Nire aurretik ziren korrikalari batzuek arazoak izan dituzte, edo lehertu egin dira, edo sabeleko arazoak izan dituzte, eta horiek aurreratuta iritsi naiz hirugarren. Oso pozik nago, egia esan ez nuen halakorik espero".
Gorbeiatik behera, lo
Arrasatekoak lasterketako azken kilometroetan izan ditu momentu gogorrenak. "Gorbeia jaisten nenbilela lo nentorren, txakalaldi xelebre samarra izan dut, horrenbeste orduz korrika ibili eta gero sentsazioak ere arraroak izaten dira, konturatu naizen arte begiak itxi egiten zitzaizkidala. Harri bat jo dut eta lurrera erori naiz... Hor kafeinadun gel bat hartu dut, eta helmugaraino".
Helmuga zeharkatu berritan Arrasatekoa indarrak errekuperatzen zebilela jaso du GOIENAren deia. "Kontua da 17:00etan izango dugula podiumeko ekitaldia, eta ordura arte esna egoten saiatuko naiz. Baina tira, bestela furgonetaren batean apur bat etzan eta ea atseden apur bat har dezakedan. Hau gaupasa bat egitea modukoa da, baina parrandarik egin barik", adierazi du umorez.
Debagoiendarrak aurrealdean
Azkaraterekin batera nabarmentzekoa da Josu Galvez eskoriatzarra zazpigarrena izan dela, eta zortzigarrena David Gomez aretxabaletarra.
Hemen sailkapenak, zuzenean.