Ingeniaritza Mekatronikoa ikasten diharduzu; nolatan?
Mekatronikako goi mailako zikloa egin nuen, eta bukatutakoan animatu nintzen ingeniaritza egitera. Nire zaletasun nagusiarekin zerikusirik ez duela dirudi, baina tira, zerikusiren bat izan dezake; izan ere, gaur egun, adimen artifizialarekin, argazki asko erabiltzen dira eraberritze prozesuetan.
Dual formatua egiten ari zara; lana eta ikasketak uztartzea nola eramaten duzu?
Nahiko ondo; izan ere, nire graduan egun batean eskola izaten dugu eta hurrengoan lana. Hortaz, izaten dugu denbora batetik zein bestetik deskonektatzeko. Denbora gehien kentzen duena da arratsaldean ikasi behar izateak, baina hori dual formatuarekin edo gabe berdina izango litzateke. Gainera, lan-esparruan sartzeko abantaila ere badu formatu horrek.
Hanka bat apurtu zenuelako hasi zinen argazkilaritzan.
Nolabait esanda, eskerrak hanka apurtu nuela, bestela ez nintzen-eta argazkilaritzarekin hasiko; kar-kar. Aurretik inoiz ez dut izan zaletasun hori buruan, baina ikertzen hasi nintzenean gustua hartu nion.
Argazkiak digitalean ala paperean, nola nahiago dituzu?
Digitalean ondo daude, milaka argazki izan ditzakezulako. Hala ere, paperera edo koadro batera pasatzen duzunean, balio handiagoa hartzen du. Adibidez, nik ateratako argazki batzuk ditut nire logelan, eta fisikoki ikuste horrek asebete egiten nau.
Zer argazkilaritza mota duzu gustuko?
Asko gustatzen zait paisaiei eta naturarekin lotutako elementuei argazkiak ateratzea.
Paisaiei argazkiak ateratzeko toki aproposa da Debagoiena, ala?
Egia da toki mordo bat dugula. Niretzat, esaterako, Udalatx da egunsentia ikusteko Euskal Herriko tokirik politena. Horrez gain, Aizkorri ere badugu, eta Urbia aldean ere zeru eta berdegune oso ona dago. Halako paisaietan aprobetxatzea gustatzen zait.
Baduzu argazkilaritzaz gain bestelako zaletasunik?
Onddoak batzera eta mendira joatea asko gustatzen zait, eta askotan argazkilaritzarekin uztartzen ditut. Horixe du ona: edozein zaletasun duzula, argazki-kamera gainean eraman dezakezula eta biak momentu berean uztartu.
MOTZEAN
Bidaiatzeko toki bat? Islandia.
Janari gustukoena? Lasagna.
Abesti bat? Lazkao Txikiren introa.
Basamortura zer? Argazki-kamera.
Argazkilari bat? Aritz Gordo edo Mikel Larrea.
Arrasateko toki bat? Udalatx.