Urrian 50 urte bete dira Iñaki Etxabe arrasatearraren eta German Agirre bergararraren hilketetatik, eta, hori dela eta, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak "memoria egiteko eta gertatutakoa salatzeko" egitaraua antolatu du. Soilik iraultzak egingo die justizia lelopean, urriaren 12an, 12:00etan, ekitaldi politikoa egingo dute Biteri plazan. "Mende erdia bete dutelako gure herria eta eskualdea bera hain gogor kolpatu zuten gertakariek, eta horiek gogora ekartzeko eta estatuaren errepresio politikoa salatzeko" helburuarekin, Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez. Era berean, Etxaberen eta Agirreren figurak "gogora ekartzea" bada euren asmoa, "gerra zikinaren biktima direlako" eta uste dutelako "errepresioa jasan dutenen memoria egitea garrantzitsua" dela. Hilaren 17an, 18:30ean, Errepresio politikoa aztergai solasaldia egingo dute Kulturaten Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko militante ohi batek eta Mugimendu Sozialistako militante batek.