Ezinbestean, urteurrena dantzan ospatuko dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urr. 13a, 10:31

Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeko hainbat ordezkari, martxoan, Kulturaten egin zuten erakusketaren inaugurazioan.

Urriaren 18an egingo dute Txikitxu-Arrostaitz dantza taldearen 35-55. urteurreneko ekitaldi nagusia; 280 dantzarik hartuko dute parte, gaur egungoak zein garai batean taldekide izandakoak, eta 900 ikus-entzule elkartuko dira Uarkapen, harmailak lepo.

280 dantzarik hartuko dute parte hilaren 18an Uarkapen 18:00etan egingo duten ekitaldian. Txikitxu-Arrostaitzeko egungo 170 dantzari, 6 eta 30 urte artekoak, eta azken 55 urteetan taldekide izandako beste 110. "Tarte batzuetan hainbat belaunaldi elkarrekin dantzan ikusteko aukera egongo da; beste batzuetan, berriz, aktibo gaudenok dantza berezi batzuk egingo ditugu", azaldu dute taldekideek.

2024ko maiatzean egin zuten ekitaldi nagusian parte hartzeko deialdia, eta taldeak osatzen joan dira ordutik. "Talde bakoitza arduratu da entseguak antolatzeaz". Hala, otsailetik ari dira entseatzen; nagusiak, batez ere. "Urtean zehar izaten ditugun ekitaldi eta ekintzez gain, aparteko entsegu egunak izan ditugu urteurreneko dantzak ikasi eta praktikatzeko", diote.

Ekitaldi kronologikoa izango da

Tradizio "oso sakonetik" abiatuko den ekitaldia izango dela aurreratu dute taldekideek, "poliki-poliki gaur egunera arte etorriz". Bi orduko ekitaldia izango da, dantza taldearen bizitza "barrutik" azalduko duena. "Kanpotik ikusten ez den hori erakutsi nahi dugu eta hainbat bloke izango ditu saioak: hastapenak, eboluzioa, gaur egungoa eta abar. Bloke bakoitzean, bloke horri dagozkion dantzak egingo ditugu", zehaztu dute.

Dantza asko "oso ezagunak" izango dira, nesken esku dantza eta kaskarot, esaterako, baina dantza berri batzuk ere dantzatuko dituzte, "sorkuntzatik eginak edo beste herri batzuetatik ikasiak". Gaineratu dute askotariko lurraldeetako dantzak, materialak eta trajeak erabiliko dituztela emanaldian.

Dantzariek dantzatu ahal izateko, musika ere behar izaten da, eta horretaz arduratuko dira Udalaxpe txistulari taldea, Arrasateko Gaiteroak, Arrasateko Trikitixa Eskola, Ttakun Txalaparta Elkartea eta Arrasate Musikaleko Banda. Halaber, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa ere han izango da.

Azkenik, "sorpresa batzuk" egongo direla adierazi dute: "Barre eta negar egiteko momentuak egongo dira. Beraz, gomendioa da badaezpada klinex-paketeak eraman ditzatela herritarrek".

"Erronka" izan da ekitaldia antolatzea

Halako ekitaldi bat antolatzeak duen "lan gogorra bezain zaila" nabarmendu dute Txikitxu-Arrostaitzeko kideek: "Guztira 340 bat pertsonak hartuko dute parte, eta laguntzeko prest azaldu dira hainbat guraso ere. Hori guztia antolatzea eta kudeatzea ez da lan erraza izan. Bestalde, guretzako ere erronka izan da orain dela hamabost urte egindako azken urteurren ekitaldi handi hari buelta bat ematea eta gaur egungo egoerara moldatzea. Berritasunak egotea nahi izan dugu, barne antolakuntzara begira eta, batez ere, ikus-entzuleari begira".

Ekitaldian parte hartuko duten eragile guztiei eskerrak emateko ere baliatu dute aukera: "Baita bailarako dantza taldeei eta Arrasateko Udalari ere, eman diguten babesgatik".

Urteurreneko seigarren ekintza

Iazko irailetik ari dira urteurrenaren baitako ekintzak egiten, eta kapituluka banatu dituzte. Orain artekoak Sutan, Janzten, Ereiten, Oroitzen eta Zeharkatzen izan dira eta ekitaldi nagusia Lotzen izango da.

Lan handia izan den arren, guztiek merezi izan dutela diote: "Txikitxu-Arrostaitzek dakiena herriari erakustea eta parte-hartzea bultzatzea izan da guztien helburua. Euskal dantza talde baten parte izan diren horiei interesa sortu edo berpiztea eta euskal dantzak inguratzen dituzten beste hainbeste elementu ezagutaraztea; trajeak, materialak, musika, instrumentuak…", diote. "Azken batean, Marga Mercaderrek, Eugenio Garciak eta haien ondorengoek egindako lana plazaratzea da".

Dokumentala ere, ia prest

55 urteko ibilbidea laburtzen duen Urratsak sendo, oinak arin dokumentalaren estreinaldiarekin borobilduko dute 2025a. "Zapatuko ekitaldia baliatuko dugu estreinaldiaren data plazaratzeko", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak