Aurten ere udazkeneko zikloa antolatu du AEDk, euskarari askotariko ertz eta begiradetatik heltzeko asmoz. Horretarako, sormenari eta arlo digitalari buruzko bi mahai-inguru antolatu dituzte azarorako. "Edozelan ere, ziklo berri honi urriaren 18an emango diogu hasiera, Hitzaurrea deituriko soinu-esperientzia digitalarekin", azaldu dute elkarteko kideek. Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak sortutako ekimena da.
Modu horretan, urriaren 18an, 12:30ean Kulturolan elkartuko dira eta, nor bere mugikorrarekin eta aurikularrekin, istorio batean murgilduko dira. "Inoiz pentsatu al duzu nolakoa izango den etorkizuna? Are etorkizunik izango ote den? Guk ere bai. Baina, zuk bezala, guk ere ez daukagu erantzun argirik", azaldu dute.
Horregatik, diote, soinu-esperientzia digitala ez dela etorkizunari buruzkoa. "Edo, beharbada, bai. Gaurko urratsek sortuko dituztelako biharko bide berriak. Egunero erabiltzen duzun mugikorra eta aurikularrak baino ez dituzu behar. Eta denbora, zure herritik paseatzeko. Esperientzia hau, funtsean, oinez gertatzen den jolas bat delako. Zure erabakien mende dagoen banakako ibilaldi bat. Ongi etorri orainaldira. Ongi etorri etorkizunaren hitzaurrera", bukatu dute.