Azkeneko hilabetetan berrikuntza askorekin dabil Neomak taldea, formatu aldaketa, horien artean: zazpi lagun izatetik laukotera izatera pasatu dira; Leire Etxezarreta eta Irati Gutierrez arrasatearrak, eta Alaitz Escudero eta Garazi Otaegi dira gaur egun Neomak. "Aldaketek beti eragiten dute horrelako beldur bat, guri horrek zalantzak ekarri dizkigu momentu askotan. Denboratxo bat hartu dugu horren inguruan hausnartu eta datozen bideak nola eraiki pentsatzeko. Ilusionatuta gaude orain bide berriarekin eta desberdina, baina ederra izango delakoan gaude", dio Leire Etxezarretak.
Udan, Boisen eta Georgian
Iaz amaitu zuten antzokietako bira eta zuzenekoetatik geldialdi bat egin gero. Boiseko Jaialdian eta Georgiako Baskin Fest ekitaldian laukote formatuan berragertu ziren, abuztuan. "Esperientzia oso politak izan dira, zein baino zein aberasgarriagoa. Ikaragarria izan zen Boiseko jaialdia barrutik ezagutzea eta zortekoak sentitzen gara Georgian, estreinakoz egin zuten Baskin Fest jaialdira gonbidatu gintuztelako ere bai", azaldu du Irati Gutierrezek.
Laster, disko berria
Aurtengo Durangoko Azokara disko berriarekin iristea zen hasiera baten zuten asmoa, baina oraingoz ez dute argitaratzeko data zehatzik. "Baieztatu dezakegu denbora gutxi gelditzen dela urte osoko eta mimo handiz egindako lanaren emaitza jendearekin partekatzeko. Musika estiloari dagokionez, beti dugu presente tradizioa eta folklorea eta kantuek trikitia zein pandero edota perkusioa oso presente dute, baina egia da lan berrian entzuleak lehenengo diskoarekin alderatuz eboluzio bat nabaritu dezakeela, eta zuzenekoetan ere agerikoa da aldaketa hori. Kaleratu berri dugun kanta elektronikoenetako bat da, baina ez dugu pista handirik eman nahi, misterioa mantentzeko. Gogotsu eta emozionatuta gaude", gaineratu du Etxezarretak.
Aurrerapen kantua eta bideoklipa
Hasieratik garbi ikusten zuten Inor ez du berdin egiten negar kantuaren soinua indartsua izatea nahi zutela eta ukitu elektronikoa aukeratu zuten. "Hitzei dagokienez, norberak bere beldurrak kudeatzeko moduen inguruan egiten du berba. Izan ere, aldaketa guztiak izan ohi dira zailak hasieran, eta horrek barne-gatazka handiak sortzen ditu. Kantuak norbere buruarekin izandako gatazka horien inguruan hitz egiten du, azpimarratzeko norbanakoaren eta ondokoen beldurrak ondo kudeatzen jakitea ze inportantea den", dio Gutierrezek.
Maitane Camposek zuzenduta eta Klara Intxaustik antzeztuta, bideoklip "ederra" egin dute. "Lan talde paregabea izan dugu alboan, zorte handia izan dugu zentzu horretan, egia esan. Hunkigarria da ikustea zenbat jendek eman duen bere onena, bere energia guztia… emaitza hori lortzeko eta gure hasiera berri honi indar hori emateko. Zuzendariak, Maitane Camposek, lehenengo momentutik proposatu zigun ideiarekin maitemindu gintuen, berak argi zeukan bideoak ere indartsua behar zuela izan kantuarekin bat egiteko, eta hori modu paregabean islatu dela uste dugu. Klara Intxausti da bideoklipean ageri den aktorea, eta oso erraz jarri zuen berak lan hori. Jantzitegian Eider Garcia eta orrazketa eta makilajearekin Lexark eta Iraxxe egon dira buru belarri indar hori eta aldi berean guztion erosotasuna bermatzen. Bideoak duen pertsonalitatea mantentzeko eta lokalizazioa horretara egokitzeko lantalde itzela egon da atzean, argiztapenean, argazkigintzan, arte lanetan, diseinuan, ekoizpenean… eta eskerrak besterik ezin dizkiegu eman guztiei, Iñigo Aramburu eta familiari ere esker bereziak, eszenatoki perfektua izan den espazioa eskaintzearren. Lantalde erabat profesionala izateaz gain, konfiantza eta gertutasun handiz egin dugu lan, eta hori ederra izan da", azaldu dute biek.