Arrasatek terrazen ordenantza izango du

Mireia Bikuña 2025eko urriaren 6a

Terrazen arautzea jasoko duen lehen ordenantza izango da, eta Arrasateko Udalak parte-hartze saio bi egingo ditu herritarrekin iritzi eta balorazioak jasotzeko. "Udalerrian espazio publikoaren erabilera ordenatu eta bizikidetza hobetzeko arau bateratua adostea izango da helburua", azaldu du Udalak, ohar bidez.

Gaur egun, Arrasate da terrazak arautzen ez dituen 20.000 biztanletik gorako Gipuzkoako udalerri bakarra. Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Hernani eta Tolosa bezalako udalerriek dagoeneko halako araudiak dituzte. "Aurreko legealdian prozesua abiarazi bazen ere, ez zen gauzatzera heldu eta kaxoi baten geratu zen. Azken urtean prozesuan lan egiten izan gara ostalari eta herritarrekin, eta, orain, saio irekiak antolatu nahi izan ditugu", azaldu du Maider Morras alkateak.

Saio ireki horiek urriaren 8an eta 9an egingo dituzte; biak ala biak, 18:00etan. Lehenengoa, Arimazubiko Hizkuntza Eskolan, eta bigarrena, Kulturateko Loramendi gelan. Udalak eta Aztikerrek gidatuko dituzte ordenantzaren aurkezpen saioak. "Helburua da arau berri honen edukia ezagutzera ematea, eta herritarren iritzi eta balorazioak jasotzea. Ondoren, definituko den azken testuarekin, abenduko Osoko Bilkurara eramatea aurreikusten du gobernuak, bere onarpenerako. Behin onartuta, aukera izango da baita ere alegazio bidez ekarpenak egitea", azaldu dute.

Orekak bilatzeko helburua

Terrazen ordenantzarekin oreka bilatzea du helburu Arrasate Udalak. "Ordenantza berriak oreka bilatu nahi du oinezkoen eskubideen, bizilagunen atsedena eta ostalaritzaren jardueraren artean. Helburua da bizikidetza bermatzea eta espazio publikoa guztion artean modu orekatuan erabiltzea". 

Herritar guztien eskubideak eta betebeharrak arautuko dituen ordenantzak hainbat arlo zehaztuko ditu: errazen instalazioa, kokapena eta ezaugarriak; merkataritza establezimenduek kanpoan jar ditzaketen produktuen erakusteko elementuak; udal baimenaren baldintzak eta mugak; irisgarritasuna bermatzeko distantziak eta oinezkoentzako gutxieneko ibilbideak; altzarien ezaugarriak eta diseinu bateratua; ordutegiak eta erabilera baldintzak; eta tasa eta lizentzien iraupena eta berritze prozedurak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak