TREBA programa nerabeei, gazteei eta gurasoei zuzenduta dago, eta helburu nagusia da "ongizatea, garapen pertsonala eta gaitasun hezitzaileak indartzea, belaunaldien behar eta erronkei erantzunez".
Nerabeei dagokienez, haien bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu programak, euren errealitate eta beharretara egokitutako saioen bidez. Gazteen arloan, berriz, ahalduntze prozesua sustatu gura dute, "garapenerako eta hazkunde pertsonal zein kolektiborako espazioak sortuz". Azkenik, gurasoei erreparatuta, hezkuntza-gaitasunak indartuz, seme-alaben bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea da asmoa.
Honako hauek dira saioak:
- Urriaren 28an, gaztelekuan, 17:30tik 19:30era. Ongizate emozionala. Kuadrillen saltsak. Beñat Benitezen eskutik –nerabeentzat–.
- Azaroaren 12an, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, 17:30tik 20:30era. Ongizate emozionala.Oinarrizko ikastaroa. Ainhoa Urretagoienaren eskutik –gazteentzat–.
- Azaroaren 14an, gaztelekuan, 17:30tik 19:30era. Ongizate emozionala. Oinarrizko ikastaroa. Hariak elkartearen eskutik –nerabeentzat–.
- Azaroaren 19an, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, 17:30tik 20:30era. Ongizate emozionala. Jende aurrean aske komunikatu. Ainhoa Urretagoienaren eskutik –gazteentzat–.
Gurasoendako hitzaldiak eta tailerrak
Gurasoendako ere hainbat hitzaldi eta tailer egingo dituzte. Batetik, urriaren 27an, Drogen kontsumoaren prebentzioa familiatik hitzaldia egingo dute Ixone Akarregik eta Ainhoa Lauzirikak Kulturateko areto nagusian.
Bestetik, azaroaren 6an, Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean hitzaldia egingo du Leyre Canok Kulturateko Loramendi gelan.
Azkenik, azaroaren 10ean, Gure emozioak kudeatzen, seme-alaben bidelagun izateko hitzaldia egingo du Miren Rosek, Kulturateko areto nagusian, 18:00etatik 19:30era.
Tailerrei dagokienez, bi izango dira. Lehena 0-2 urte arteko haurrak dituztenendako masaje tailerra izango da, azaroaren 5ean Txikitxokoan egingo dutena, 10:00etan, Itziar Rosadoren eta Jon Urdinetaren eskutik.
Bizipen tailerrak ere egingo dituzte Rosadok eta Urdinetak. Azaroaren 5ean Arizmendi Ikastolako Olarte gunean izango dira, 17:00etan, eta azaroaren 12an, Arrasate Herri Eskolako Erguin gunean, ordu berean.
Izena eman daiteke, udal webgunean edo 943 25 20 00 telefono zenbakira deituta.