Intentsitatez itzuli dira jokora atsedenaren ondotik, segituan sartu dute bigarren gola, eta, horrek emandako lasaitasunarekin, eraiki dute geratzen ziren minutuetan beste bat egiteko aukera. "Ez dugu askorik sufritu. Eurak gora etorri dira, baina aukera pare bat baino ez dituzte sortu eta lortu dugu emaitza bermatzea. Saiatu gara gure partidua egiten, ondo lehiatzen, erritmo altuan, eta, azkenean, ondo atera zaigu", azaldu du Davilak.
Elgoibar asko hazi den taldea dela adierazi du, ondo jokatzen duela, eta partidu zaila espero zutela, baina ondo eutsi diotela eta emaitza onarekin amaitu dutela.
Gaurko hiru puntuak batuta, zazpi dituzte orain, eta euren asmoa da sailkapenean erditik gorako multzoan sartzea eta denboraldi ona egitea. "Badakigu partidu oro borrokatu beharko dugula, edozein dela ere aurkaria, etxean zein kanpoan, baina ondo ari gara entrenatzen, jokalariak gogotsu ikusten ditut eta ea dinamika onean jarraitzen dugun", erantsi du Mondrako entrenatzaileak.