Jokin Vitoria –bateria, wash-board-a, perkusioa eta ahotsak–, Iñigo Zubizarreta –Manoche gitarra– eta Jon Garcia Del Val –ahotsa eta gitarra– dira 2021ean sortutako taldearen oinarria gaur egun, baina alboan dituzte askotariko kolaboratzaileak; esaterako, diskoaren grabaketan lagun izan dituzten Andoni Aizpuru –saxo sopranoa– eta Daniel Apodaka –biolina–.
Mungiako Gaua estudioetan grabatu dute, Asier Zubelzurekin, estreinako lan luzea, eta aurretik Andoaingo Garate es- tudioetan Kaki Arkarazorekin grabatutako bi kantu –Nork erran eni eta Esperoan– barne- biltzen ditu.
Zuzenean grabatuta
Zuzenekoetan indarra dute, eta hala erakutsi dute publikoa dantzan jarrita orain arte egin dituzten askotariko jaialdietako eta aretoetako kontzertuetan. Bada, zuzenean, musikari guztiek elkarrekin jotzen grabatu dute argitaratu berri duten diskoa, aurrez etxeko lanak ondo eginda. "Sorkuntza prozesuari dagokionez, abestien oinarriak normalean Jonen eta bion artean egiten ditugu eta ondoren taldekideei bidaltzen dizkiegu, bakoitzak bere ekarriak egin ditzan. Ideia guztiak bateratzen ditugu gero, kantuei guztion artean forma emanez. Harro eta pozik gaude egindakoarekin", azaldu du Aitor Morenok.
Swinga eta gehiago
Swing musikaren soinu filosofia ondo islatzen duen diskoa da, soinu akustikoa eta organikoa, eta beste estilo estilo batzuekin osatutakoa: "Benetako instrumentuekin grabatuta dago, tranpa barik. Gitarrek garrantzia dute, eta euskara ardatz hartuta, euskal poeten poesiekin osatu ditugu-eta hitzak".
Kontzertuen agenda osatzen ari dira; oraingoz, azaroaren 7an Sopelan eta Durangoko Azokan ere izango direla iragarri dute.