Euskaltzaindiak sarean jarri du Jokin Zaitegiren dokumentu-bilduma

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025eko urriaren 3a

Jokin Zaitegi (1906-1976) idazle, irakasle, apaiz eta ohorezko euskaltzain arrasatearra. Irudia: Euskaltzaindia.

Gutunak, Euzko Gogoa aldizkariko artikuluak eta Zaitegiren lanen jatorrizko bertsioak biltzen ditu artxiboak; horietan euskaltzaletasun "sutsua" eta "fede kristau sakona" dira elementu partekatuak. 

Jokin Zaitegi (1906-1976) idazle, irakasle, apaiz eta ohorezko euskaltzain arrasatearraren dokumentu-bilduma sarean jarri du Euskaltzaindiak, hiru ataletan banatuta: batetik, orduko euskal idazle ia guztien gutunak aurki daitezke, eta "garai hartako bildumarik aberatsenetakoa" izan daitekeela dio Euskaltzaindiak; eta bestetik, Euzko Gogoa aldizkarian argitaratutako artikuluen jatorrizko bertsioak eta bestelako materialak daude. Horrez gain, dokumentu-bildumaren parte dira Zaitegiren lanen jatorrizko bertsioak ere, baina ez daude digitalizatuta; Azkue Biblioteka eta Artxiboaren irakurgelan kontsulta daitezke.

Euskaltzaindiaren hitzetan, Zaitegiren lanetan bi elementu hauteman daitezke: "Euskaltzaletasun sutsu bat, fede kristau sakonarekin batera", baina bada hirugarren elementu bat ere: "Filosofia eta Teologiarako maitasuna. Izan ere, Zaitegiren euskaltzaletasunak herri xehearen hizkuntzatik edaten zuen, baina helburutzat zeukan elite euskaltzale bat sortzea, herria gidatuko zuen elitea. Horretarako euskal unibertsitate bat behar zuen, alegia, goitik behera euskaraz funtzionatuko zuen unibertsitate bat; bada, horra Euzko Gogoa-ren giltza, horra Sofoklesen, Euripidesen edo Platonen itzulpenen arrazoi sakona, euskal unibertsitate horretarako materialak sortzea, giro bat mamitzea euskaldunen artean".

Euskaltzaindiarekin harremana

Zaitegik "betidanik" izan zuen Euskaltzaindiarekin "harreman handia", eta "gehiago estutu" zen bizitzako azken urteetan, "zeren zahartuta eta gaixorik, Oñatiko zaharren egoitzan babestu zen unean, Luis Villasante eta beste euskaltzain batzuk joan zitzaizkion bisitan". Hil ondoren, bitan banatu zen haren ondarea: Arrasateko Udalak hartu zuen biblioteka eta Euskaltzaindiak artxiboa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak