38 urtez eguna gozarazten

Julen Murua Mesonero 2025ko urr. 3a, 11:00

Antonio Murillo eta Jesus Romero, Maritxu Kajoi eguneko lore-eskaintzan.

Ia lau hamarkada igaro dira Antonio Murillo Kajoi tabernan lanean hasi zenetik. Bada, gaur, haren azken aurreko Maritxu Kajoi eguna biziko du barra barrutik, eta, urte hauetan guztietan igarotakoa gogorarazita, "oso pozik" dago bizi izandako guztiarekin.

Asko izaten dira Maritxu Kajoi egunaz kalean gozatzen ibiltzen diren herritarrak. Baita Arrasatera egunaz gozatzera joaten diren inguruko herrietakoak ere. Baina kalean dabiltzan guztiek gozatu ahal izateko beste askok lan egin behar izaten dute; esaterako, ostalariek. Txikiteroen ama birjinetik oso gertu lan egiten du Kajoi tabernako Antonio Murillok, eta dagoeneko 41 urte dira gaurko eguna tabernako barra barruan ospatzen duela.

Egunarekin lotutako izena

Zehazki, 38 urte dira tabernak Maritxu egunaren bueltako izena hartu zuenetik, eta Murillok dio "pozik" dagoela orduan hartutako erabakiagatik: "Tabernari jartzeko izen baten bila genbiltzanean, silaba gogor batekin hasi eta bokal leun batekin amaitzen zen hitz baten bila hasi ginen. Aurretik zabalik zegoen taberna baten izena kendu behar genuen, eta hori ez da erraza izaten. Jendea gure izenarekin geratzeko asmoz, hori egitea aholkatu ziguten. Gertuko batek esan zigun Kajoi izena jartzeko, eta harrezkero hori izan da tabernaren izena; oso pozik gaude hartu genuen erabakiarekin".

Aldatzen joan den tradizioa

Azken hamarkadetan berezi egin du Maritxu Kajoi egunak urriko lehenengo ostirala, baina gaur egun Maritxu eguna bizitzeko modua ez da haren sorrera urteko modu berbera. Murillok urte askoan bizi izan du eguna taberna barruan, eta gauzak asko aldatu direla onartzen du: "Maritxu eguna ospatzen hasi zenean herritarrek euren aitona-amonen edo gurasoen jantziak erabiltzen zituzten; ez zen gaur egun bezala. Azken urteetan ikusten da gazteek sekulako jantziak erabiltzen dituztela; lehenago ikusten ez zirenak, nolabait esanda". Hala ere, jantzietan baino aldaketa handiagoa sumatu du Murillok eguneko beste une baten: "Uste dut aldaketa handiena, ostalaritza munduan, behintzat, izan zela igaro ginenean afariak ematetik bazkariak ematera. Lehen, jaia 19:00etan hasten zen, baina egon zen momentu bat jendea bazkariak egiten hasi zela, eta orduan egun osoko jai bihurtu zen Maritxu. Harrezkero, jendea 12:00etan irteten da kalera, eta guk lan egin behar dugu eurak etxera joan arte. Egia da orain ez garela iristen horrenbeste jenderi zerbitzua eskaintzera, baina duela urte batzuk taberna bete-beteta izaten genuen".

Anekdotaren bat edo beste

Kajoi tabernan lanean ibili den 38 urteetan "askotariko anekdotak" bizi izan dituela dio arrasatearrak. "Jendea komunean giltzaperatuta gelditzea eta halako kontuak gertatu zaizkigu behin baino gehiagotan, bai. Hala ere, anekdota horiez gain, ni gelditzen naiz taberna atzeko plaza txikian bazkaldu dugunetan animoak ematera eta gure lanari benetan duen balioa ematera etorri den jende guztiarekin. Asko eskertzen dugu urtero jasotzen dugun babesa", adierazi du Murillok.

Arrasatearrek egiten dute berezi

Horrenbeste urtez ospatu den egun bat izateak eta Arrasatetik kanpoko jendea egunaz gozatzera joateak erakusten du Maritxu Kajoi egunak baduela berezi egiten duen zerbait. Murilloren ustetan, "herritarrei esker" da hori; izan ere, jendeak "kanpotik datorren jendea hartzen du etxean. Ezagutzen dut Eskoziako eta Irlandako lagunak ekartzen dituen jendea; hori izugarria da. Euskal herritarrok oso itxiak garela esaten digute maiz, baina Maritxu egunean guztiz kontrakoa gertatzen da".

Erretiroa, gertu

Azkenengo Maritxu jaiez "asko" gozatzen ari dira Kajoi tabernako jabeak; izan ere, datorren urtekoa euren "azken Maritxu jaia" izatea aurreikusten dute. "Pena" ematen dio Murillori, hein handi batean, "gustuko" duelako egiten duena. Edozelan ere, urtetik urtera "zailagoa izaten ari da zerbitzariak aurkitzea, eta, 62 urterekin, gertukoak ere ez daude esfortzu hori egiteko prest". Aurtengo Maritxu Kajoi egunari begira, arrasatearrei hauxe eskatu die Murillok: "Egunaz gozatu, eta egunaz gozarazi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak