Azken hilabetean birritan altxa ditu besoak Eneritz Urrutia arrasatearrak, Sestaon eta Getxon, eta tartean beste bi podium ere lortu ditu, Zumaian eta Santanderren. Iraileko emaitza ikusgarri horiek denboraldi amaiera borobildu dute; izan ere, ordura artekoa bikaina izan ez bada ere, Urrutia gustura zegoen uda aurretik egindako lasterketekin: "Maiatzean Gasteizen distantzia erdian Euskadiko Txapelketa irabazi izana gerora baloratu dut gehiago; izan ere, momentuan sentsazio txarrekin ibili nintzenez, aho-zapore gaziaz geratu nintzen".
Arrasatearrak indartsu hasi zuen urtea; Peñota Dental taldeak fitxatu berritan, arrasatearrak taldeak duatloietan zituen konpromisoetan neurria eman nahi zuen, gauzak ondo egin: "Besteak beste, Espainiako taldekako txapelketak garrantzitsuak izaten dira taldearendako, eta horretarako fitxatu gaituzte, taldekakoan ekarpena egiteko. Udaberrian egia da beherakadatxo bat izan nuela, katarro bat tartean... baina nahiko gustura ibili naiz. Iaz bizikletan hobekuntza nabarmena egin nuen, eta aurten korrika egin dut aurrerapausoa, baina neure buruarengan konfiantza handiagoa izatea falta zait; esaterako, lasterketako une batzuetan korrika azkar egin dezakedala sinistea".
Talde indartsu baten dago
Peñota Dentalen egoteak dakarren presioa ere nabaritu duela aitortu du arrasatearrak. "Askori pasatzen zaigu, geure buruarekin zorrotzegiak garela, eta bai, badirudi etengabe ibili behar dugula erakusten zergatik fitxatu gaituen Peñota Dental moduko talde batek. Saltokin nenbilenean ere gertatzen zitzaidan, eta, kontrara, badakit Antxintxika taldean, etxean, lasaiago ibiliko nintzatekeela. Tira, guk erabaki dugu esposizio maila hau izatea; alde onak eta txarrak izaten ditu, eta hori ere kudeatu egin behar da".
Getxon, indarrak parean
Joan den asteko Getxoko lasterketak amaiera estua izan zuen. Urrutia aurrekoekin irten zen uretatik, eta bizikletako lanak 40 segundoko atzerapenarekin amaitu zituen; Maialen Azpiazu taldekidea zeukan aurretik, baina korrikako tartean arrasatearra bikain ibili zen eta harrapatu egin zuen, bereziki bigarren itzulian erritmoa handituta. "Atzetik, berriz, ikusten nuen Andrea Mediero indartsu zetorrela, eta pentsatu nuen espabilatu beharra neukala, harrapatu egingo ninduelako bestela". Arrasatekoak distantzia mantentzea lortu zuen, eta 12 segundoko aldearekin irabazi zuen, bigarren urtez, Getxoko lasterketa (2.19.46). Podiuma osatu zuen Maialen Azpiazu, berriz, 19 segundora helmugaratu zen.
"AURTEN KORRIKAKO SAIOETAN AURRERAPAUSO POLITA EGIN DUT"
Iraila, nekagarria
Urrutiak aitortu du emaitza aldetik iraila hilabete emankorra izan dela, baina baita gogorra ere, eta pultsometroa, egun batzuetan ez bada ere, kaxoian gordetzeko gogoz dagoela. "Bereziki lasterketa asko izan ditudalako, astebururo bat. Ez naiz entrenatzeaz nekatu, baina lasterketek emozionalki ere nekatu egiten dute, izaten den tentsioa... Astea ematen duzu aurreko lasterketatik errekuperatzen eta hurrengo astekoa prestatzen, eta desgastea ezberdina da, bai. Apur bat deskonektatzeko eta lagunekin lasai egoteko gogoz nago, hori igarri dut gehien faltan. Egunean bi entrenamendu saio egiteari utzi eta hamar bat eguneko atsedenaldiaren ostean Behobia-Donostia prestatu nahiko nuke; ea entrenatzaileak zer esaten duen. Egia da korrika egitea dela gehien kostatzen zaidana, baina, lehen esan moduan, aurten aurrerapausoa eman dut, eta Behobiara erronka batekin joan nahiko nuke, baina, noski, ez dizut denborarik aurreratuko, gero presiorik ez izateko [Barre]".
Egiten duenarekin gozatzen
Oraingoz, triatloiez gozatzen jarraitzeko asmoa du Urrutiak; ez da lasterketekin nekatu: "Urte hauetan egin dudan aurrerapena lanaren ondorioz izan da. 12 urte pasa dira lehenengo triatloia egin nuenetik, eta asko gustatzen zaidalako jarraitzen dut honetan. Badakit ondo entrenatuta ere geroago eta zailagoa izango dela hobekuntzak izatea, eta, gainera, hobekuntza horiek geroago eta txikiagoak izango direla, baina gustura nabil, eta horregatik jarraitzen dut".
Ondo merezitako atsedenaldi hori Maritxu Kajoirekin hasiko du, gaur. "Arratsaldeko giroa gustatzen zait niri; lanetik irten, arropak aldatu eta buelta bat emango dugu lagunekin batera. Baina ez dut uste sekulako parranda egingo dugunik", dio, barrez.