Maialen Uranga: "Maritxu koloretsuagoa izatea da helburua"

Julen Murua Mesonero 2025ko urr. 3a, 09:28

Maialen Uranga irudi-aholkularia.

Maritxu Kajoi eguna dela eta, badaude soinean eramango duten jantzia aspalditik prest dutenak, baina baita azken astean eros- ketak egitera irten direnak ere. Arrasaten egon da horretarako aukerarik; izan ere, Emaus fundazioak Arrasateko Udalarekin elkarlanean bigarren eskuko arropen azoka antolatu zuen, eta han izan zen Maialen Uranga (Orio, 1989) irudi-aholkularia, Maritxu egunerako arropen gaineko aholkuak ematen.

Nola joan ziren bigarren eskuko azoka eta estilismo-tailer pertsonalizatua?

Bi egunetan izan ginen han, eta, egia esan, zoragarria izan zen. Jendea oso irekita egon zen denetik probatzera; bai Emauseko ohiko bezeroak, baita aurrenekoz etorri zirenak ere. Niri dagokidanez, estilismo-tailerra ere oso ondo joan zen. Bezeroekin aurrekontaktu bat egin nuen, telefono dei bitartez eta galdetegi bat bidalita, euren inguruko informazioa izateko: zer duten gustuko, zer ez, nolakoak diren... Ostean, tailer pertsonalizatua egin nuen bezero bakoitzarekin, eta nire helburu nagusia izan zen Maritxu Kajoi egunerako jantziak aurkitzea, kolore apur bat ematea, eta hori guztia bigarren eskuko arropak sustatuta egitea.

Zer profiletako jendea joan zen?

Bada, denetik etorri zen. Herritar guztiei zuzendutako ekimen bat izan zen, eta gazteak bai, baina pertsona helduak ere etorri ziren arropak probatzera. Asko poztu ninduen gizonezko asko etorri izateak; izan ere, halako ekimenetan %80 inguru emakumezkoak izaten dira, eta joera hori askotan errepikatzen da. Arrasatekoan gizonezko asko etorri ziren, eta oso animatuta ibili ziren, gainera.

Bigarren eskuko arropen erosketa sustatzeari ematen diozu garrantzia.

Halako egunetarako erosten ditugu urtean behin erabiltzeko arropak, eta bigarren eskuko azoka eta moda jasangarria sustatzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Garai batean, Maritxu Kajoi egunean jendeak norbere aitona-amonen arropak janzten zituen, baina ohitura hori galtzen joan da, eta gaur egun urtean behin erabiliko dituzten arropak erosten ditu jendeak. Horren harira, uste dut ederra izango litzatekeela garai bateko ohitura hura berreskuratzea; izan ere, gaur egun erosketa asko egiten ditugu batere pentsatu gabe, inkontzienteki. Urtean behin edo birritan janzteko arropak dira, eta modu kontzienteagoan erostea komeniko litzaiguke. Helburua hori bera da: norbere burua gehiago ezagutzea eta egiten ditugun erosketak modu kontzientean egitea. Horrekin bigarren eskuko erosketak sustatzen baditugu, are hobeto. Gainera, prozesua ez da hor amaitzen; izan ere, erositako bigarren eskuko arropa horiek ez baditugu gehiago erabili behar, beste bati eman beharko genizkioke.

Kolore apur bat ematea ere aipatu duzu.

Gogoratzen naiz duela urte batzuk Maritxu egunera etorri nintzenean iruditu zitzaidala mundu guztia zihoala oso ilun jantzita; beltzez. Askotan, elegante janztea horrekin lotzen dugu, kolore ilunekin. Irakurtzen ibili nintzen, eta inon ez du jartzen ilun jantzita joan behar denik, eta, hortaz, nire helburua ere izan da arropei kolorea sartzea, Maritxu Kajoi eguna koloretsuagoa izan dadin. Alde horretatik, jolas polita izan da jendeari proposamenak egitea eta eurek normalean janzten ez dituzten arropak janztea.

Euren konfort-zonatik atera zenituen bezeroak?

Euren inguruko informazioa behar izaten dugu helduleku bat izateko, baina, horrez gain, saiatzen naiz bezeroak konfort-zona kanpoko egoera horietan jartzen eta ohikotasunetik ateratzen. Kasu honetan ere hala izan zen. Jendea oso irekita egon zen edozer probatzera eta oso ondo erantzun zuen; hori asko eskertzen da. Egunerokotasunean ere modu horretan egiten dut lan bezeroekin: hasieran euren istorioa entzutea gustatzen zait, hortik lan egiteko; baina, hortik ateratzea izaten da asmoa. Nire aholkuekin eta euren beharren arabera saiatzen naiz zerbait sortzen. Baina bezeroak eroso egotea ezinbestekoa da. Oso estilo politak sortu genituen, eta kolore askoko jantziak ikusi genituen.

Zein arropa eraman zuten gehien?

Denetik eraman zuten, egia esan. Gizonezkoetan trajeak eta gorbatak nabarmenduko nituzke; emakumezkoetan, berriz, soinekoak eta osagarriak.

Zure aholkuak jarraitu zituzten?

Bai, bai; kar-kar. Arropa eta osagarri koloredunak eraman zituzten. Hortaz, espero dut aurtengo Maritxu eguna koloretsuagoa izatea.

Zaila ala erraza da egunerokoan janzten ez ditugun arropen gaineko aholkuak ematea?

Niretzat, irudi-aholkulari bezala, erraza da halako egoeretan aholkuak ematea. Hala ere, bezeroaren azalean jarrita, zailagoa iruditzen zait; izan ere, ez da gure egunerokotasunean janzten dugun zerbait eta beti iruditzen zaigu mozorrotuta goazela. Bezeroak, askotan, ez ditu arropa horiek naturaltasunez janzten, eta puntu hori harrapatzea izaten da zailtasun handiena. Halere, nik uste dut lortu genuela tailerretan eta bigarren eskuko arropen azokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak