Israeli boikot! lelopean, greba egiten ari dira gaurkoan hainbat ikasle, "Israelgo estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatu eta Israel boikoteatzeko" asmoz. "Israel Gazara sartzen ari da lurrez eta palestinarren egoera asko larritu da. Horren aurrean, Israeli eta bere konplizeei boikota egin behar diogu. 60.000-70.000tik gora dira dagoeneko Israel Palestinan egiten ari den genozidioan hildakoak, eta beste horrenbeste –640.000, ONUren arabera– dira gosez hiltzen ari direnak". Horrez gain, Ikasle Abertzaleak-ek salatu du Israelek laguntza humanitarioko bide guztiak "erasotzen eta mehatxatzen" jarraitzen duela.
Bada, greba deialdiarekin bat egin dute Debagoienean ere, eta elkarretaratzea egin dute Arrasateko herriko plazan, 11:30ean.
Zapalkuntzari erantzunez, erresistentzia
Ikasle Abertzaleak-en hitzetan, "hamarkada luzetako zapalkuntza eta apartheidaren ostean, Israelek palestinar herria desagerrarazteko hautua" egin du, eta ez da geldituko helburua lortu arte. "Hori dela eta, Israelen suntsipena aldarrikatu behar dugu ikasleok, hori baita Palestinak bizirauteko duen aukera bakarra; era berean, Israel zuritzen dutenen jarrera zein mezuak seinalatu behar ditugu; baita bi estatuen konponbidearen alde daudenak ere". Hala, aldarrikatu dute "palestinar erresistentziaren defentsa irmoa egiten jarraitzea" dagokiela ikasleei: "Gaur-gaurkoz, palestinar herria guztiz desagertu ez bada, palestinarrek estatu sionistaren aurka egindako borrokagatik izan da".
Israel babesten dutenak ere aintzat hartu dituzte ikasleek, "ezinbestekoak" dituelako bere biziraupenerako mendebaldeko estatuen, instituzio ezberdinen eta enpresen sostengua. "Euskal Herrian adibide asko eta asko ditugu. Harreman horien bitartez, estatu sionista diruz eta palestinarrak erailtzeko erabiltzen diren armez hornitzeaz gain, berau legitimatu eta normalizatzen dute euskal gizartearen artean. Hala ere, geroz eta garbiago dago Israelgo estatuaren aurka egin nahi badugu estatu genozidaren aurkako boikota bultzatu behar dugula. Horretara bidean, gure artean estatu sionistarekin konplizeak diren instituzio zein enpresak irmoki seinalatzen ditugu, hauek Israelekin dituzten harremanak guztiz eten ditzaten. EHUren kasuan ikusi dugu ikasleon presioaren bidez harremanak etetea lor dezakegula; orain, gainontzeko enpresa eta instituzioak seinalatzen jarraitu behar dugu".
Ontzidiaren aurkako erasoa
Israelgo militarrek nazioarteko uretan atzeman zituzten atzo iluntzean Global Sumud Flotillako ontziak, eta "nahikoa" dela adierazi dute ikasleek: "Lehenik eta behin, gure babesa adierazi nahi diegu ontzidiaren parte diren kideei. Argi eta garbi adierazi genuen: ontzidia erasotuz gero, gogor erantzun eta kaleak hartuko genituela; bada, hori egingo dugu". Are gehiago, Mendebaldeko agintariak "seinalatzeko eta presionatzeko" ere baliatu dute unea, "haien aurpegi zuriketa gogor salatzearekin" batera: "70.000 hildako baino gehiago eragin ditu Israelgo estatu genozidak, eta egoera une larrienean aurkitzen da. Gainera, Trump eta Netanyahu jada ari dira Gaza konkistatu ondorengo planak diseinatzen eta kontzentrazio esparruen inguruan hitz egiten. Bitartean, Mendebaldeko agintari gehienak Palestina desagertzea helburu duen plana begi onez ikusten ari dira". Hala, ikasleen hitzetan, genozidioaren "konplize hutsak" dira horiek guztiak.
