Berrarmatzea Europan; hiltzearen negozioa hitzaldia egingo du Jordi Calvok urriaren 9an, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean, Harremanen eskutik.
Gai zabala eta korapilatsua da; non jarriko duzu arreta?
Asmoa da Europa berrarmatzeko politika zertan oinarritzen den aletzen saiatzea, Ukrainako gerra eta Errusiak Europan sortzen duen mehatxu pertzepzioa oinarri hartuta. Europako herrialde guztien gastu militarra kopuru izugarrietan dago gaur egun, 800.000 milioi euro baino gehiago bideratzen baitituzte arlo horretara, eta negozio handi bat dago horren atzean.
Zergatik eta zertarako hainbeste diru gastu militarrerako?
Kopuru ikaragarri horiek justifikatzeko erabiltzen dituzten arrazoiak Ukrainako gerra eta Errusiaren mehatxu pertzepzioa dira. Edozelan ere, uste dut okerreko pertzepzioa dela. Hau da, garbi dago Errusiaren helburua dela Ukrainaren zati bat, behintzat, bereganatzea, eta gatazka irekiak dituela, esaterako, Armeniarekin edota Moldaviarekin. Baina ez dut uste zuzena denik esatea Errusiak Europako Batasun osoa okupatu gura duela. Aditu bakar batek ere ez du teoria hori babesten, eta, gainera, historian sekula ez da izan halakorik.
Eta zeinek irabazten du negozio horretan? Zer dago atzean?
Hori azaltzen saiatuko naiz egueneko hitzaldian. Urte gutxitan izugarri hazi den aurrekontu hori guztia armak erosteko da, eta ikusi behar dugu nori erosten dizkion armak Europako Batasunak. Armen erdia baino gehiago AEBetako enpresa handiei erosten dizkie. Hori gutxi ez, eta oso kezkagarria den beste datu bat ere kontuan hartu behar dugu. Israel AEBetako eta Europako armamentua erabiltzen ari da genozidioa gauzatzeko, eta, era berean, Israelgo arma-ekoizpenaren zati handi bat Europako Batasunerako da.
Horren aurrean, zein da alternatiba?
Europako instituzioek bakea lortzeko beharrezkoa den guztia egin beharko lukete, gerra sustatu beharrean. Azken batean, herrialdeak hainbeste armarekin hornitzeak gerrara soilik garamatza. Herritarren zati handi batek ez du interesik armen enpresetan eta, beraz, instituzioei exijitu behar diegu bakea sustatzea, belaunaldi berriak bakean bizi daitezen.
J.M. Delas Bakearen Aldeko Ikasketa zentroaren funtsa zein da?
Gobernuz kanpoko erakunde bat gara, eta bakearen ikuspuntutik, Espainiako eta Europar Batasuneko segurtasun gaiak aztertzen ditugu, modu kritikoan. Gastu militarraren atzean dagoen egia azaleratzen saiatzen gara. Izan ere, aipaturiko gastu militar hori guztia ez da herritarren segurtasuna areagotzeko, baizik eta gutxi batzuen onura ekonomikoa sustatzeko. Beraz, hori aldatu ahal izateko lan egiten dugu, ahal dugun heinean.
Etorkizunari begira, baikorra zara?
Garai hauetan, zaila da baikorra izatea. Epe motzera, ez dirudi aldaketa handirik egongo denik. Lehenago edo geroago, gerrak amaitu egiten dira eta beste fase bat hasi. Bigarren Mundu Gerraren ostean asko ikasi genuen, baina urte asko pasatu dira eta memoria hori ahaztu egin dugu. Orduko akats berberak egiten ari gara. Edozelan ere, alde baikorra da jakintzarako eta gauzak azaltzeko gaitasun handia dugula, duela 80 urte ez zeukatena. Horrek ahalbidetu dezake akats horiek ez errepikatzea; ez, behintzat, intentsitate maila horrekin. Izan ere, garaiz ez badugu gelditzen eta orain arteko norabidean jarraitzen badugu, hondamendia gerta daiteke etorkizunean.