Arrasateko Udalak Maritxu Kajoi egunean taxi zerbitzua jarriko du landa auzoan bizi diren bizilagunentzako. “Duela urtebete jarri genuen lehen aldiz martxan landa auzoetarako taxi zerbitzu berezia, eta, azken jaietan izandako arrakasta ikusita, zerbitzua errepikatzea erabaki dugu. Modu honetan, landa auzoak eta erdigunea modu seguruan konektatu nahi ditugu” adierazi dute.
Zerbitzua adin guztietako pertsonentzako izango da, landa auzoren batekin konektatzeko: Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar... Atez ateko zerbitzua eskainiko dute, bidaiarien segurtasuna bermatzeko. Oraingoan ere, euro bateko ordainketa sinbolikoa egin beharko du pertsona bakoitzak. “Modu honetan, autobus zerbitzuarekin parekatuko dugu zerbitzua” azaldu dute Udaletik. 22:00etatik 08:00etara egingo ditu bidaiak, eta 688 73 52 23 telefonora deituta egin ahalko da erreserba.
Lurraldebus zerbitzu berezia gauean
Ohikoa den bezala, Maritxu Kajoi egunean, Lurraldebus zerbitzu berezia izango da gauean, eskualdeko herrien artean. Ostiral gaueko zerbitzua urteko gainerako larunbatetako linea (DG40G eta DG41G) eta ordutegi berberekin osatuko da. Horrez gain, larunbat goizean Arrasatetik abiatzen diren lineek errefortzuak izango dituzte. Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.