Udalerriko hirigintza-plangintzan genero ikuspegia txertatzeko konpromisotik sortu den proiektua da Begirada aldatu, herria eraldatu! izenekoa, "herri anitzago, zaintzaileago eta iraunkorragoa" eraikitzeko asmoz.
Diagnosiaren bidez, Arrasateko espazio publikoek herritar guztien aniztasunei eta beharrei zenbateraino erantzuten dien aztertuko du Udal Gobernuak. "Lortutako ondorioek lagunduko dute Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren ikuspegiarekin bat datorren hiria diseinatzen", azaldu dute.
Prozesuaren baitan, herritarrek askotariko moduak izango dituzte parte hartzeko. Lehenik eta behin, gaurtik urriaren 31ra arte galdetegi bat betetzeko aukera izango dute herritarrek.
Era berean, informazio-puntu ibiltariak eta mapaketa kolektiboak izango dira urriaren 3an, 6an eta 7an, herriko hainbat gunetan. Gainera, espazio publikoak bertatik bertara aztertzeko ibilbideak egingo dituzte, irisgarritasuna, mugikortasuna, topaguneak eta bestelakoak aintzat hartuz. Honako hauek izango dira hitzorduak:
- Alde zaharra, Ferixalekua, Txaeta eta San Andres: urriaren 21ean, 18:00etan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.
- Altamira, Santa Marina, Santa Teresa eta Musakola: urriaren 22an, 18:00etan, Toki Argi erretiratuen etxean (Agerre kalea 2 - Santa Marina).
- Zarugalde, Gorostiza, Uribarri, Uribe eta Munar: urriaren 28an, 18:00etan, Uribarriko erretiratuen etxean (Usaetxe plaza 4, 4B).
- Landa-eremuko auzoak: urriaren 29an, 18:00etan, Kulturateko Loramendi gelan –ez da esplorazio-ibilaldia izango–.
Azkenik, azaroan, diagnosian ateratako ondorioak partekatzeko eta proposamen berriak jasotzeko tailer parte-hartzaileak egingo dituzte eta, ostean, urtarrilean, herritarren azken ekarpenak jasotzeko saioa izango da.
Bi norabidetako prozesua
Prozesuak bi norabide uztartuko dituela azaldu du Udal Gobernuak. Batetik, analisi teknikoa –datu kuantitatiboak, planoak, behaketak eta abar–. Bestetik, ikuspegi parte-hartzailea –herritarren iritziak, inkestak, ibilaldiak, tailerrak eta abar–. "Hortik sortuko dira diagnosia eta etorkizuneko hirigintza-eredurako proposamen zehatzak".
Parte hartzeko deia
Udalak herritar guztiei egin die parte hartzeko deia, "baina bereziki zaintzan aritzen direnei, emakumeei, disidentziei, gazteei, haurrei, adinekoei eta, oro har, espazio publikoa egunero modu intentsiboan erabiltzen dutenei". Izan ere, haien esperientziak eta begiradak "funtsezkoak" izango dira "herriaren etorkizuna eraldatzeko".