6 eta 12 urte artekoendako lehen mendi irteera, urriaren 11n

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 30a, 10:55

Iaz egin zuten eskolarteko ibilaldi neurtua.

Besaide Mendizale Elkarteak lehenengoz antolatu duen haurrendako mendi irteerak bi ibilaldi izango ditu –luzea eta motza–, eta doakoa izango da. Edozelan ere, komeni da aurrez izena ematea, hemen, nahiz eta egunean bertan ere egongo den horretarako aukera.

Berrikuntza batekin dator Besaide Mendizale Elkartea. Izan ere, 6 eta 12 urte artekoei zuzendutako mendi irteera antolatu du urriaren 11rako. "Mendi martxa honen helburua mendi giroan lagunarteaz gozatzea da. Ez da lasterketa bat, martxa bat baizik", nabarmendu dute.

Biteri plazan elkartuko dira, 09:30ean, eta leku berean amaituko dute, 13:30ean. Era berean, 12:00ak eta 13:30ak artean txokolatea banatuko dute Biterin parte-hartzaile guztien artean.

Ibilbideari dagokionez, bi egongo dira egongo dira aukeran: motza, sei kilometrokoa, eta luzea, bederatzi kilometrokoa. "Ibilbide luzea egiteko asmoa dutenek, 10:45erako Meatzerrekako kontrol gunetik pasata egon beharko dute", diote antolatzaileek.

Parte hartzeko baldintzetako bat izango da talde bakoitzak heldu bat eta, gehienez, bost ume izan ditzakeela. Hala, helduak izango du taldearen ardura
ibilbide guztian zehar. "Ibiltariek, martxa hasteko, taldearen parte-hartzea baieztatu eta ibilbideko kontrol txartela jaso beharko dute harrera mahaietan. Talde bereko partaideak bereizita bertaratzen baldin badira, denak elkartu arte itxaron beharko dute parte-hartzea baieztatzeko". Era berean, talde bakoitzak kontrol txartel bana eramango du eta kontrol puntuetan erakutsi beharko du.

Hamaiketakoari dagokionez, nork berea eraman beharko du, jana eta edana. "Hori dela eta, ezinbestekoa da ume bakoitzak motxila bana eramatea, bakoitzak berea". Halaber, partaideek sortzen duten zaborra haien motxilan jaso edo antolatzaileek jarritako ontzi edo poltsetan utzi beharko dute.

Oroigarria izango dute martxa amaitzen dutenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak