Datorren egubakoitzean, urriaren 3an, ospatuko dute Maritxu Kajoi eguna, eta indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarriko ditu Emakume Txokoak, Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ Sailaren eskutik. Batetik, indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea izango da Arbolapetan, 18:00etatik 00:00etara, eta indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak izango dira han laguntza, informazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen; bestetik, arreta puntua egongo da Gazte Bulegoan, 00:00etatik 08:00etara. "Emakumeek* eta neska* gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da. Indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan emakume adituak aurkituko dituzu bertan. Horrez gain, espazioa irekita egongo da LGTBI komunitateak jaso dezakeen erasoen aurrean", azaldu dute udal ordezkariek.
Bi gune horiez gain, arretarako 688 80 91 37 telefono zenbakia ere erabilgarri izango da emakumeendako eta LGTBI+ komunitateko pertsonendako, 18:00etatik 08:00etara; laguntza emateaz gain, informazio eta aholkuak ere eman ditzakete.