Arizmendiarrieta plazan, 36ko gerran hildako arrasatearrak oroitzeko monolitoaren aurrean, egin dute ekitaldia beste behin, lore eskaintza eta guzti. Juan Ramon Garaik hartu du hitza, aldamenean Intxortako kideek 50 urteko inpunitatea: Bat gehiago ere ez! pankartari eusten ziotela. Hain zuzen, urteurren hori ekarri du gogora: "Franco hil ondoren, boterea esku berdinetan mantendu zen, inolako depuraziorik gabe, Armadan, Epailetzan, Administrazioan, segurtasun-indarretan, baita egitura politikoan eta legebiltzarretan. Franco hil ondoren Estatuko hiru botereek eraikitako inpunitate-sistemak gaur egun arte iraun du; 1977ko Amnistia Legea, Sekretu Ofizialen Legea edo Mozal Legea bezalako legeak mantentzen dituen botere legegilea".
Azpimarratu du giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten ehunka milaka pertsonek eta haien senideek "egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lortzeko borrokan" jarraitzen dutela.
Horren adierazle da Espainiako Estatuan diktadura frankista garaian gizateriaren aurka egindako krimenen ikerketa judiziala exijituz 115 kereila baino gehiago aurkeztu dituztela: "Baina ez dira onartuak izan, Arrasate, Bergara, eta Elgetakoak barne. Horregatik exijitzen dugu 1977ko Amnistiari buruzko Legea indargabetzea edota aldatzea; Zigor Kodea aldatzea nazioarteko legezkotasunaren printzipioa bereganatzeko; gardentasunaren printzipio demokratikoen arabera egitea Sekretu Ofizialen Legea; eta Haur Lapurtuen Legea onartzea.
Amamei irakurritako gutunak
Monolitoaren aurrean loreak egokitu eta aurreskua dantzatu eta gero, JAMEn jarraitu du omenaldi-ekitaldiak. Bertan, gerrako emakumeei buruzko Beste aldea. Gizona ez den hori dokumentala proiektatu dute, eta egileek euren inpresioak partekatu dituzte.
Unerik hunkigarriena Nati Roa arrasatearra, Hedoi Etxarte iruñearra eta Maite Aristegi bergararra oholtzara igo direnean iritsi da. Norbere amonari idatzitako gutuna irakurri dute, urte latz haiek modu goxo eta pertsonalean oroituz.
Hiru irakurleek barnean dauzkaten minak partekatu dituzte. Roak azaldu du haren amona Florencia Olazagoitia Zeziaga Oiartzungo hobi komun batean dagoela, beste 26 pertsonarekin batera: "2021ean zabaldu zen hobia, eta uste nuen zauria ixteko moduan egongo ginela. Baina ez da horrela izan, justizia eta erreparazioa jaso bitartean, ezin izango dugu zauririk itxi. 1977ko Amnistia Lege hori harresi bat da guretzat. Madrildik paper bat jaso nuen, amona biktima dela aitortuta, baina ez da nahikoa".
Alejandra Zarraoa elorriarraren biloba da Maite Aristegi. Amonari eskainitako hitzez gain, paralelismo bat egin du gerra haren eta Israel gaur egun egiten ari den genozidioarekin: "Agintariek berdin jokatzen jarraitzen dute, diru-goseak gidatuta. Gure aiton-amonengatik ere mugitu beharra daukagu, halakorik berriz gertatu ez dadin. Munduko zapalketen aurka altxatzea besterik ez dugu".
Hedoi Etxarteren amona arrasatearra zen, Pilar Berezibar. Duela hamar urte pasatxo hil zela aipatu du, eta, ezohikoa izan arren, 36ko gerraz eta gerraosteaz berba egiteko ohitura zeukala: "Gure amandreak beti hitz egin du haurtzaroaz, beraz, oso presente izan ditut haren bitartez urte gogor haiek. Arrazoi politikoengatik zigortuak izan ziren pertsonak oroitzeko modua ere izan da gutuna irakurtzea".
Etxartek gaineratu du memoria berreskuratzeko lan handia egin dela Debagoienean, Intxorta moduko eragileei esker.