Antzerki emanaldi solidarioa, AMSren alde

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ira. 29a, 11:25

Banarte antzerki taldeko kideak, '¡Ese no!' komedia antzezten. (Iturria: Banarte)

¡Ese no!' antzezlan komikoa antzeztuko dute Banarte antzerki taldeko kideek urriaren 5ean Amaia antzokian. Sarreraren prezioa 10 euro da. Bildutako dirua AMS Mundu Solidarioa elkartearendako izango da. 25 urte beteko ditu aurten.

Banarte antzerki taldeko kidea da AMS Mundu Solidarioa gobernuz kanpoko elkarteko diruzaina, eta taldeko aktoreengana jo zuen antzerki emanaldi solidario bat antolatzeko proposamenarekin. Bi proiektu bultzatzen ditu AMSk, biak Nikaraguan, eta 2024. urtea ez zen oso ona izan proiektu horietarako dirulaguntzak lortzeko. "Elkartean denok laguntzen dugu diru-bilketan, eta diruzainari bururatu zitzaion antzerki emanaldi solidario bat egitea. Hala, Banarte taldeko lagunei proposatu zien ¡Ese no! antzezlana Arrasaten egitea diru-bilketan laguntzeko", azaldu du AMSko kide Isabel Medinak. "Banarteko kideei ideia ona iruditu zitzaien eta guretzat ekarpen ekonomiko handia da. Urriaren 5ean Amaia antzokian egingo dute emanaldia, 19:30ean", gehitu du. Sarrerak salgai daude, udal webgunean, 10 euroko prezioan.

Bildutako dirua AMS elkarteak Nikaraguako Diriamba herrian martxan dituen bi proiektuetako batera bideratuko da. Programa horrek Guk ere ahal dugu du izena. "Tresnak ematen dizkiegu desgaitasuna duten 50 pertsonari eta haien senideei. Inklusioa lantzen duten langileak ditugu baliabide-zentroan eta tailerrak eta ekintzailetza programak bultzatzen dituzte".

25 urteko ibilbidea

AMS Mundu Solidarioak mende laurdeneko ibilbidea egin du dagoeneko; izan ere, aurten beteko dira 25 sortu zela. "Elkartasunaren, lankidetzaren eta hezkuntzaren aldeko apustua egiten dugu, gizartea eraldatze aldera, aniztasunak aberastutako gizartea lortzeko. Urteek eskarmentua ematen dute eta denbora honetan hainbat aldaketa egin ditugu gure proiektuetan. Ahalegina egin dugu programetan parte hartzen duten pertsonek parte-hartze handiagoa izan dezaten. Ikasketak egiteko beka programa bat dugu martxan, non 30 ikasle dauden. Horrekin batera, aurretik aipatutako programa dugu desgaitasuna duten pertsonendako. Horiek dira gure bi proiektuak".

Gaur-gaurkoz, zortzi boluntariok dihardute AMSn eta 90 bat bazkide ditu elkarteak. Medinak gogoan ditu hasierako urte haiek: "Diriamba herrian lan egindako lagun-talde batek sortu zuen. Bertan hasitako bi proiekturekin jarraitzea erabaki zuten. Helburua zen ikasle gazteei bekak ematea, garapen pertsonalerako eta lan-garapenerako tresnak eskainiz. Era berean, asmo handiagoko proiektu bati ekin zioten: desgaitasunen bat zuten pertsonei zuzendutako gune bat eraikitzea, zeinek autonomia eta hezkuntza hobetzeko tailerrak izango zituen oinarri, betiere inklusioa helburu eta komunitatearen sentsibilizazioa landuz".

Antzezlan komikoa

Abadiñoko Banarte antzerki taldearen laguntzarekin, emanaldia solidarioa egingo dute urriaren 5ean Amaian. Proiektuaren finantzaketan laguntzeko bultzada jasotzeko itxaropenarekin daude AMS Mundu Solidarioa elkartean. "Antzezlan dinamiko hau ikustera animatzen dugu. Domeka arratsalde atsegina igaroko dugu eta sarrerekin batutako dirua Diriambara joango da", nabarmendu du Medinak.

Alexander Patelliere eta Matthieu Delaporte frantziarren Le Prénom lanean oinarritutako obra da ¡Ese no! Rafa Hercek antzerkira egokitua eta Sonia Villamorrek zuzendua, obran lagunarteko afari bat irudikatzen Bikote bat lehenengo haurra jaiotzeko zain dago eta afaltzera

¡Ese no! giza harremanei buruzko komedia da. "Bertan, pertsonaiek salto egiten dute eguneroko maskara atsegin horietatik gizabanako bakoitzak ezkutuan duen barne errealitate gordinera. Adiskidetasunari, hipokrisiari eta zitalkeriari buruzko komedia hurbil eta zuzena da, eta askotariko gaiak lantzen dira: maitasuna, maitemina, denbora eta familia", azaldu dute AMS elkartekoek eta Banarte antzerki taldekoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak