Txomin Maidagan arrasatearrak zuzentzen duen A Tempo Korua abesbatza izango da Lirika Gazteko protagonista aurten, hamar musikariz osatutako orkestrarekin batera. Hala, 18 eta 25 urte arteko euskal artista gazteek hartuko dute oholtza, eta askotariko errepertorioa plazaratuko dute, pieza errenazentistak eta barrokoak ardatz hartuta. Besteak beste, J. S. Bach, Handel eta Henry Purcell autoreen piezak joko dituzte. Juan Arzamendi Musika Etxeko aretoak kontzertu intimo baterako aukera ematen du, antolatzaileen esanetan: "Ikus-entzuleek gertu sumatuko dituzte artista gazteen ahotsak eta musikarien doinuak".
Emanaldi "berezia" izango da
Maidaganek nabarmendu du "emanaldi berezia" izango dela, Arrasaten gutxi ikusitakoa. "Orain arte hemen egin izan dituzten lirika emanaldiek errepertorio erromantiko eta klasikoak eduki izan dituzte, gehienbat, Verdi, Puccini, Mozart eta halako autoreen piezekin, baita zarzuelarekin ere. Guk egingo dugun emanaldiari dagokionez, garai errenazentistako eta barroko garaiko obrak izango dira, Arrasaten oso gutxitan ikusi izan ditugunak". Hala ere, ikus-entzuleek "abesti ezagunak" entzungo dituzte, "nahiz eta, agian, izenez ez dituzten ezagutuko". Horiez gain, zuzendariaren esanetan, obra berri batzuk ere deskubrituko dituzte musikazaleek.
Abesbatzarekin batera, orkestra
Orkestrak eta abesbatzak askotariko piezak tartekatuko dituzte emanaldian, eta elkarrekin ere plazaratuko dituzte hainbat obra. "Batzuk orkestrak joko ditu eta beste batzuk, guk bakarrik. Esaterako, Joan Sebastian Bachen pieza instrumental bat joko du orkestrak. Jendeak ziur ezagutuko duela. Bestalde, Bachen kantata bat ere plazaratuko dugu", dio Maidaganek.
Abesbatza hasiberria da
Abesbatza hasiberria da A Tempo Korua, baina bi sari eskuratu ditu dagoeneko: "Errenteriako Gabonetako abestien txapelketa irabazi genuen, baita ekainean parte hartu genuen Gasteizko Abesbatza Lehiaketa ere".
Bi lehiaketa horiek irabazi ostean, Arrasateko emanaldia izango da hurrengo hitzordua abesbatzarentzat. Maidaganentzat, gainera, berezia izango da, etxean ariko baita: "Ederra izango da. Gainera, arrasatearrek aukera izango dute ikusteko gazteok ere gauza politak egiteko gai garela".
Abesbatzaren gaztetasuna nabarmendu du arrasatearrak. "Agian, ni naiz gazteenetakoa, baina gehienok aritu izan gara beste abesbatza batzuetan. Beraz, ondo ezagutzen dugu elkar eta gure artean daukagun harreman on horren fruitua da A Tempo Korua", gaineratu du.
Datorren asteko emanaldirako azken prestaketak bide onetik doazela nabarmendu du Maidaganek. "Abuztuan hasi ginen entseguekin, eta hasiera zail samarra izan zen, abuztuan guztiok elkartzeko zailtasunak izan baikenituen. Edozelan ere, dagoeneko martxa hartuta gaude eta guztia prest izango dugu zapaturako".
Ozenki elkartearentzat esker hitzak izan ditu zuzendariak: "Asko eskertzen diogu gugana jo izana. Izan ere, nolabaiteko profesionaltasun maila duten musikariak aritu izan dira orain arte, eta, beraz, aukera oso ona da guretzat Lirika Gaztea".
Sarrerak, hamabost eurotan
Sarrerak salgai daude, hamabost eurotan, eta hainbat bide daude horretarako: Arrasate.eus webgunean, Altuna lurrindegian eta ozenkielkartea@hotmail.es helbidera idatzita.