Arrasateko Hezkuntza Kontseilua hasi da etorkizuna irudikatzen

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 25a, 12:44

Arrasateko Hezkuntza Kontseiluaren batzarretako bat, Kulturolan. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Arrasateko Hezkuntza Kontseilua aurten sortu dute, herriko hezkuntzaren etorkizuna irudikatzeko helburuarekin. "Azken urtean egindako diagnostiko zabalak argi utzi du herriak erronka handiak dituela, eta horiei modu partekatuan erantzutea da aurrerantzean egingo den lanaren ardatza", azaldu dute.

Hainbat eragiletako ordezkariek osatzen dute Arrasateko Hezkuntza Kontseilua: Leintz Eskola Kirola, Txatxilipurdi, Institutuko guraso batzordea, Institutuko zuzendaria, Arizmendi Ikastolako zuzendaria, Arizmendi Ikastolako guraso batzordea, Arrasate Herri Eskolako Guraso Elkartea, Arrasate Herri Eskolako zuzendaria, Haur eta Guraso Asanblada, Arrasate Musikal, Udal Euskaltegia, Udaleko Hezkuntza teknikaria, Elhuyarreko bideratzaileak eta Udaleko Hezkuntza eta Ongizate zinegotzia.

Ikasturte honetan plan estrategikoari helduko dio kontseiluak, "lehentasunezkotzat" hartuta herri hezitzaile filosofia. "Lan horretan, lehen urratsak ematea espero du dugu, eta 2015ean bertan behera utzi zen Arrasatek Hezi proiektuaren arima berreskuratzen joatea".

Hiru arlo nagusi

Arrasateko Hezkuntza Diagnosia aurkeztu zuen Udalak, ikastetxeetako zuzendariekin batera, martxoan. Hiru arlo nagusi jarri zituzten erdigunean lanketa abiatzeko: euskara, inklusioa eta bizikidetza eta herri kohesioa.

Prozesu horren hurrengo urratsak erronka bakoitzari erantzuteko ekintza zehatzak irudikatzea izango dira. Horretarako, hezkuntza eragileek lau ardatz nagusiren gainean hausnartu dute: "Helmuga, lau urte barru non egon nahi dugun; urratsak, zein pauso eman behar ditugun; arduradunak, nor izango den pauso horien gidari; eta baliabideak, zer behar dugun".

Hezkuntza komunitario, inklusibo eta berritzailea

Arrasateko Udalaren eta Arrasateko Hezkuntza Kontseiluaren helburua argia da: "Etorkizuneko hezkuntza komunitario, inklusibo eta berritzailea eraikitzea, herritar guztien parte-hartzearekin". Horregatik, datozen hilabeteetan askotariko ekimenak abiaraztea espero dituzte, "herritarren parte-hartzea bultzatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak