Denboraldiaurrean taldeak egin duen lanarekin "oso gustura" dago Ane Herrero entrenatzailea: "Bi partidu jokatu ditugu, Gure Auzuneren aurka Pitxi torneoan eta Aloña Mendiren aurka San Migel txapelketan. Bakar batean ere ez dut taldea osorik eduki, lesioak eta bestelako arrazoiak medio. Hori dela eta, taldeak ezin izan du benetako maila erakutsi. Baina, oro har, oso gustura nago jokalariak egiten ari diren lanarekin eta hartzen ari garen dinamikarekin. Ikusten ari naiz zer gaitasun izango dugun denboraldian".
Iazko denboraldiarekin alderatuta "aldaketa txiki batzuk" egin dituztela gaineratu du. "Iazko denboraldia oso gogorra izan zen, jokalarientzat zein niretzat. Partiduak, lehiatuta ere, galdu egiten genituen, eta partidu askotan hasieratik ikusten zen aukera gutxi genituela irabazteko. Horrek balio izan digu hobetzeko genituen gauzak hobetzeko. Udan hausnartzeko denbora eduki dut, eta balio izan dit aldaketa txiki batzuk egiteko aste barruko lanean, jokatzeko moduan eta partiduei aurre egiteko moduan".
Horrez gain, jokalari aldaketa batzuk ere izango ditu Arrasate Eskubaloik. "Ander Melendezek min hartu zuen azken partiduan, eta aurten ezin izango dugu taldean eduki", dio. Bestalde, Jurgi Iraolak eta Beñat Jimenezek utzi egin dute taldea. Edozelan ere, gazte mailako Oier Mateos eta Lander Urkiola jokalariak igo dira lehen taldera, iaz Bergaran jokatzen aritu zirenak – gazte mailan ez du talderik Arrasate Eskubaloik–. Horiez gain, Josu Herrero eta Unai Rodriguez taldera itzuli dira.
Helburua, mailari eustea
Iaz, Gipuzkoako Lehen Mailan aritu zen Arrasate Eskubaloi, eta, hainbat arrazoirengatik sailkapeneko azken-aurreko postuan sailkatu zen arren, mailari eutsi zion. Aurten, beraz, maila ez galtzea izango da helburu nagusia. "Iaz baino puntu gehiago lortu gura ditugu, eta kantxan maila hobea erakutsi. Benetan sinetsi behar dugu ahal dugula, eta ligak berak jarriko gaitu dagokigun lekuan", nabarmendu du Herrerok. Halaber, dio, "geroz eta maila hobea" dagoela Gipuzkoako Lehen Mailan.
Zumaian jokatuko dute ligako lehen partidua, Pulporen aurka: "Liga etxetik kanpo hastea ez da gauza berria. Maritxu Kajoi dela eta, beti eskatzen dugu lehen partidua kanpoan jokatzea". Edozelan ere, aurkaria berria izango da: "Urte asko dira Pulpo gure ligan ez dagoela, eta aurkari gogorra izango da. Talde gaztea da eta kostaldean jokatzen duten eskubaloi mota praktikatuko dute, azkarra eta taktikoki ondo prestatutakoa. Defentsan, ordea, ahultasun batzuk izan ditzakete, eta horiek aprobetxatu beharko ditugu partidua irabazteko".
Nesken harrobia, indartuta
Klubari dagokionez, nesketan, infantil mailan jokalari berri asko sartu dira, eta, seguruenik, bi talde sortuko dituzte, "aspaldiko partez", Herrerok dioenez: "Oinarria finkatzen ari gara, eta oso pozik gaude horrekin"; izan ere, kadete eta gazte mailetan taldeak badituzten arren, senior mailakoa falta zaie: "Helburua da etorkizunean taldea sortzeko moduan izatea, baina zaila egiten zaigu hori lortzea; ea lortzerik dugun datozen urteetan".
Mutiletan, ordea, ez dute gazte mailako talderik: "Hori nabaritu egingo dugu datozen urteetan, baina kadete mailako taldea oso indartsu dator; beraz, etorkizunean ekarpen handia egingo dute senior mailan".
Azkenik, Herrerok adierazi du Arrasate Eskubaloik "ate guztiak zabalik" dituela klubera batu gura duen edonorentzat. "Herrian ezagunak gara egiten dugun kirolagatik eta daukagun proiektu sozialagatik. Guk garbi daukagu inoiz inor ez dugula utziko Arrasateko gazte bat kirola egin ahal izan gabe. Beraz, gazteendako kirola egiteko ateak zabalik eta, gurasoendako ere bai, ahal duten heinean laguntzeko".