Arrasateko EAJk "erabat arbuiatu" du tributuen igoera orokorra, "Udalak hamasei milioi euroko gerakina duenean", eta honako tributu hauek ez igotzea proposatu du: establezimenduak irekitzeko tasak; kiroldegiko tasak; Atarte zerbitzuaren tasa, zeinak eguneko arreta pertsonalizatuko zerbitzua ematen dien adinekoei; eta merkatu plazako tasa.
EAJren proposamenaren beste ardatz nagusietako bat da zaborren tasa Arrasateko zerbitzuaren "benetako kostuaren arabera" kalkulatzea, "eta ez udalerriari kalte egiten dion banaketa sistema baten arabera".
Ander Garay bozeramaile jeltzaleak azaldu du arrasatearrek dagokiena baino "ia %20 gehiago" ordaintzen dutela, "EH Bilduk gobernatzen duen Mankomunitateak aplikatzen duen kalkulu metodoaren bidez, zeinak gauza bera kobratzen dien edukiontzien bidezko bilketa sistema duten herriei eta atez ateko sistema dutenei".
Jeltzaleen kalkuluen arabera, atez ateko sistema "askoz garestiagoa" da, eta defendatzen dutena da, adibidez, Goierriko sistema: "Hau da, herri bakoitzak bere bilketa sistemaren arabera dagokiona ordaintzea. Arrasateko herritarrek zaborraren tasa %20tik gora jaistea ekar lezake horrek".
Beste bi proposamen ere bai
Urari dagokionez, %5 igotzeko proposamena errefusatzen du EAJk eta, gehienez ere, tasa "Udalak berak aurre egiten dion benetako igoerara" egokitzea gura du, hau da, % 2,3ra. "Ezin zaie herritarrei eragin Udalak berak ordaintzen duena baino igoera handiagorik".
Arrasaten etxebizitza-eskaintza zabaltzeko beharra dagoela onartu du EAJk eta, horri dagokionez, proposatu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan %50eko hobaria sartzea merkataritza-etxabeak etxebizitza bihurtzen dituztenentzat. "Udalerrian egoitza-aukera berriak erraztu nahi dituen neurria da".
Kasu horretan, salbuetsita geratuko lirateke alde zaharreko etxebizitzak. Izan ere, alde zaharreko plan bereziak ez du baimentzen merkataritza-etxabeak etxebizitza bilakatzea.
Negoziaziorako prest daude
Talde jeltzaleak gogorarazi du proposamen horiek guztiak "akordiorako eta elkarrizketarako borondatearekin" helarazi dizkiola Udal Gobernuari, eta berretsi du bere helburua arrasatearren bizitza hobetzea dela.