Donostiako Blasfemmes, Valladolideko Vacceas eta Madrilgo Tigresas taldeak izan dira Amarians torneoaren lehenengo aldiko talde gonbidatuak, eta zapatu goiz osoan aritu dira nor baino nor gehiago Mojategiko errugbi zelaian. Kirola eta lehia izan dira protagonista, baina une batean ere ez dute ahaztu Amarians txapelketaren xedea: gainontzeko taldeak ezagutzea, kirolaz gozatzea eta giro ona bermatzea.
Errugbia baino gehiago
Partiduetako emaitzak bigarren lerrora igarotzen dira Amarians torneoan; izan ere, Pirolitikak taldeko Belen Aranbarrik dioenez, "errugbian jokatzeko aitzakiarekin beste toki batzuetako jende asko ezagutu dugu". Talde gonbidatuetako jokalariek ere hori bera nabarmendu dute: "Guretzat plazer bat da Arrasatera etortzea. Beste hainbat tokitan ere izan gara aurretik, eta izugarria da; festa bat".
Atzo iritsi ziren Arrasatera Vacceas eta Tigresas taldeko kideak, eta "Arrasate herria eta bertako ohiturak" erakutsi zizkieten Pirolitiketako kideek. Gaurko partiduen ostean, gainera, "hirugarren denborarako tartea" ere izango dutela adierazi dute antolatzaileek, eta hortaz, elkarrekin eguna borobiltzeko aukera ere izango dute.
Bigarren Amarians torneoa buruan
Amarians torneoaren lehenengo aldia bukatu berri badute ere, Pirolitiketakoak dagoeneko hasi dira hurrengo edizioan pentsatzen. "Datorren urtean bigarren edizio bat egitea dagoeneko buruan dugu. Asmoa da talde gehiago gonbidatzea Amarians torneoa jokatzera".
Torneoko emaitzak
Honako hauek izan dira Amarians txapelketaren lehenengo aldiko emaitzak:
- Piroliticas-Tigresas: 15-5
- Vacceas-Tigresas: 25-0
- Vacceas-Berabera: 10-5
- Tigresas-Bera Bera: 15-15
- Pirolitikak-Bera Bera: 20-10
- Vacceas-Pirolitikak: 15-5