16:30etan hasi dira Arrasaten martxan jarri duten Plaza Bizi ekimena aurkezteko jaiaren baitan antolatutako ekitaldiak eta hasiera batean beroagatik apur bat kosta bada ere, arratsaldeak aurrera egin ahala jendez eta animazioz bete dira Arimazubi plaza eta inguruak.
Ekimenaren bultzatzaileen artean dagoen Gizabidea Fundazioko langile Maddi Fernandez de Larrinoak azaldu duenez, mugikortasun jasangarria eta naturguneen biziberritzea baliatuz Arrasateko gune hori ere biziberritzea da ekimenaren helburua: "Ikusten genuen Arimazubi plaza hau eta inguruan dauden Iturripe, Olandixo herri eskolara arteko tartea eta Santa barbara eta Munar guneak bizitasun handikoak direla. Baina Unibertsitatea eta hainbat ikastetxe eta enpresa ere bertan daudenez eta ordu konkretu batzuetan zirkulazio handia dagoenez, mugikortasunarekin lotuta erronka potolo bat dago". Gaineratu du, era berean, naturguneak ere gertu egon arren, egunerokotasunean auzotarrak ez daudela horiekin kontaktuan.
Hori horrela, bada denbora bat zenbait herritar eta hezkuntza, enpresa eta administrazio publikoko hainbat eragile erronka horiei heldu nahian lanean dabiltzala. "Norberak beretik eragin dezake, baina eragin mugatuarekin. Elkarlanetik irtenbide eraginkorragoak eta anbiziotsuagoa topatu daitezke", azaldu du Gizabideako ordezkariak, eta zehaztu orain artean, egoeraren diagnostiko bat egiteko, behaketak eta herritarrekin galdetegiak egin dituztela.
Haur zein helduendako ekintzak
Gaurko jaian, gune ezberdinetan banatuta, ume zein helduendako ekintzak egin dituzte. Hala, Anabel Ugaldek eta Antton Zabaletak gidatuta Santa Barbarako ondare natural eta kulturala ezagutzeko irteera egin dute; eta umeek, Txatxilipurdien eskutik, hainbat jolas eta eskulan egiteko aukera izan dute, baita mugikortasunarekin lotutako ekintzak egitekoa ere.
Era berean, egitasmoaren bueltako hainbat eragilek informazio puntuak ere jarri dituzte: Arrasateko Udaleko ordezkariak, esaterako, Iturripe Berria proiektuari buruzko informazioa zabaltzen ibili dira eta Athlonekoek ariketa fisikoa egitearen garrantzia azpimarratu dute euren txokoan. Ciclogreen aplikazioa ezagutzeko aukera ere egon da eta Oreka Cycling Spacek bizikleten erakusketa jarri du, mantentze tailerra egitearekin batera. Ibai Garaik, bere aldetik, horma-irudia egin du Arimazubi plazan. Sari potolo moduan 300 euroko erosketa bonoa izan duen eta zozketa batekin borobildu aurkezpen jaia; justu-justu ekaitza lehertu aurretik egin duten zozketa.
Hurrengo pausoak
Behin gaurko jaiarekin ekimena jendaurrean aurkeztuta, urriaren 15ean hasita abendura edo urtarrilera bitartean iraungo duen parte-hartze prozesu bati ekingo diote: "Arimazubiko eliza zaharrean egingo diren lau saioz egongo da osatuta. Eta ahalik eta anitzenak izatea da asmoa, hausnarketa prozesua denon artean eta iritzi ezberdinetatik osatu ahal izateko. Jendeak parte hartzea inporta zaigu, auzunearen beharrak identifikatu eta horien irtenbideak planteatzeko".