Lasterketetako postuak garrantzitsuak izaten dira, baina Urrutiak esaten duen moduan, "irabazi bakarrak egiten du", eta kirolariak horrekin itsutu baino gehiago ibiltzen dira eurek entrenatzen egindako lana lasterketan erakusteko itxaropenarekin. Noski, beti ez da helburu hori lortzen, joan den astean Zumaiko triatloian –bero egin zuen– Arrasatekoak ez zituen entrenamenduan egindako lanak erakutsi ahal izan, sentsazio txarrak izan zituen, eta podiumera hirugarren igo izanak ere ez zion ahozapore txarra kendu. Oraingo asteburuan, berriz, Sestaon, lasterketa irabazi du: "Oraingoan bai, egindako lana erakutsi ahal izan dut eta kirol honetan jarraitzeko hori izaten da kirolarion motibazio iturri. Postuetatik haratago, halako egunei esker jarraitzen dugu honetan lanean".
Hala, Eneritz Urrutia eta Joanes Goitisolo izan ziren Sestaoko XI. Triatloiaren irabazleak, eta garaipen horrek denboraldia indartsu amaitzeko motibazioa emango dio. "Bi lasterketa geratzen zaizkit, oraingo asteburuan Santanderren lehiatuko naiz eta datorren asteburuan Getxon izango dugu azken lasterketa".