Aldundiak sustatzen duen doako kultur ekimenaren zortzigarren edizioa amaitzear dela iritsiko da Arrasatera. Monterron parkean zen egitekoa, baina eguraldiaren iragarpenak medio, Biteri plazara lekualdatu dute jaialdia. Hortaz, zapatuan, hilak 20, 18:00etan hasita, Biteri plaza kultura elektronikoaren nazioarteko topaleku izango da, Dantz Point Arrasate by Laboral Kutxa izenburupean: "Herriko gune ikonikoenetako batean, ingurune berezian, esperientzia musikal ireki eta eraldatzaileaz gozatu ahal izango du edonork. Hain zuzen, ondare kultural, historiko eta naturalari balioa emateko sortu zen Dantz Point, modu garaikide, irisgarri eta jasangarrian" azaldu du Jokin Telleriak, ekimenaren zuzendariak.
Gonbidatu suediarrak
Jaialdiaren helburuetako bat elkartrukea gauzatzea ere bada; kasu honetan, euskaldunen eta suediarren artekoa: "Izan ere, datorren astean, hilak 27, Euskal Herriko LaMia Mari eta Kapitaina musika-jartzaileak izango dira hango jaialdi batean, Helsingborg hirian". Era berean, Arrasaten Eskandinaviako herrialde hartako doinuak entzun ahal izango dira: "Alde batetik, Fredrik artistak Darkallies proiektua aurkeztuko du, soinu-paisaia ugari eta atmosfera inguratzaile eta sakonak transmitituta; eta, bestetik, Katja Komorebik doinu grabe eta dantzagarriak ekarriko ditu, melodia eta mugimendu kosmikorako zorroztasun handiarekin".
Bailarako doinuak
Haiekin batera gurean ezagunagoak diren bi musika-jartzaile egongo dira: Iban Borgas BRGS aretxabaletarra eta Aitor Izquierdo Pizky arrasatearra. Borgas Ezkutu Dance Club proiektuan murgilduta dago gaur egun, eta haren eragin nagusiak, besteak beste, house, electro techminimal eta soinu azidoak dira. Hamabi urteko eskarmentua dauka musika elektronikoan, eta zortzi urte daramatza gaueko aisialdia girotzen, tokiko zein atzerriko artistekin elkarlanak egitearekin batera.
Aitor Izquierdo Pizky-k Borgasek baino lehenago deskubritu zuen jarduera kultural hori; duela 21 urte, hain zuzen. 2006an, Zarauzko Dada eta Morgan klubetan hasi zen musika jartzen, eta 2012a ezkero Donostiako areto txikietako ohiko DJa da. 2016an, ostera, La Fiesta/Colectivo ID sortu zuen, Asier Galiano aretxabaletarrarekin batera. Gaur egun, Dabadaban aritzen da hilero. Eragin musikalei dagokienez, "gaztetan Arrasateko tabernetan" entzuten zuen "punk eta rockand-rollak erakarrita" hasi zen esperimentatzen, azaldu du Izquierdok.
Urteekin elektronika kutsu handiagoa hartu du haren musikak, eta, aurreratu duenez, Biteri plazara, besteak beste, acid house estiloko doinuak eramango ditu: "Ez horren ilunak; publiko orokorrak gozatzeko modukoak". Musika-jartzaile bakoitzak bi orduko saioa egingo du, helburu bera partekatuta: plaza dantzaleku bilakatzea.
"Musika honetaz plazetan eta egun argitan ere goza daiteke"
Pizky izenez ezagutarazten den musika-jartzaileak (Arrasate, 1982) 2004tik dihardu musika elektronikoari lotuta.
Nola aldatu da elektronika?
Lehenago, entzumenarekin eta eskuekin lan handiagoa egin behar zen. Gaur egun, asko automatizatu da eta azkar batean ikas daitezke oinarrizko teknikak. Hortaz, lehen baino musika-jartzaile gehiago dago.
Ez duzu sarritan jaioterrian aritzeko aukerarik izaten, ezta?
Aspaldian bizi naiz Donostian, eta hango aretoetan ibiltzen naiz gehiago. Duela hilabete batzuk, Irati topalekuan jarri nuen musika, baina, bestela, urteak dira Arrasate aldean musikarik jartzen ez dudala.
Arrasaten izateak zer esan nahi du zuretzat?
Zalantza barik, berezia izango da. Pandemia ostetik hona, joera bat egon da musika elektronikoa aire librera ekartzeko, eta egun argitan. Herbehereetan, adibidez, 30-40 urte daramatzate horrela, eta familiek gustura jasotzen dute.
BRGS aretxabaletarrarekin partekatuko duzu oholtza.
Elektronikan aritzen garenok ondo ezagutzen dugu elkar. Harreman ona daukat debagoiendarrekin: BRGS, An2an, Parafernalia...