Marisa Merino da Ospitalariak Fundazioa Euskadiko –hau da, Aita Menni ospitalea zena lehen– zuzendari nagusi berria, Hospitalarias Fundazioak hala izendatu ondoren. Adierazi dutenez, 30 urte baino gehiagoko esperientzia du osasungintza publikoaren alorrean; esate baterako, Tolosaldea eta Bidasoako ESI-ak zuzendu ditu azken urteotan. "Prestigio handiko talde batera batzen naiz. Ibilbide luzea du sektorean, eta bere eginkizunarekiko konprometitua da, eskualdeko arreta sanitario eta sozialean erreferente bihurtu den arte", aipatu du Merinok.
Medikua da ikasketaz Merino, eta irakaskuntzan ere aritu izan da hainbat master, ikastaro eta tailerretan, hala nola osasun digitalaz eta osasun-kudeaketaz hizketan. Hala, Ospitalariak Fundazioak honako hau azpimarratu du: "Haren lidergoak aukera emango du egungo erronkei aurre egiteko eta erakundearen misioa Euskadin bultzatzeko".