Bizikleta erabiltzaileen eskaerari erantzunez, "hiru gune estrategikotan" jarri dituzte guneak. "BTT ibilbideen amaierarekin bat datozen lekuetan jarri ditugu, erabiltzaileek garbiketa erraza eta praktikoa izan dezaten. Bestalde, lorategi eremuetan kokatu ditugu, oinezkoen joan-etorria errespetatuz", azaldu du Kepa Urteagak, lehen alkateordeak.
Gune bakoitzak bi bizikleta garbitzeko lekua izango du, eta hamabi metro karratuko azalera. Bi mahuka egongo dira, horman kokatutako eskuilekin, kolpe-leungailuekin eta bizikleta eusteko euskarri bereziarekin. Horrez gain, drainatze-zoriak eta udal saneamendu-sarearekin lotura zuzena dute garbiguneek.
Hasiera batean, zerbitzua doakoa izango da, baina "erabilera desegokia" egongo balitz, kudeaketa eta kontrol sistema bat ezartzea aurreikusten du Udal Gobernuak.
Hainbat arau jarri dituzte
Erabiltzaileek errespetatu beharreko arauak izango dituzte gune horiek. Batetik, helburu esklusiboa bizikletak garbitzea izan beharko da eta debekatuta egongo da bestelako ibilgailu edo objektuak garbitzea. "Horrez gain, ordutegia errespetatzea eta zaratak saihestea ere eskatzen dugu, inguruko bizilagunei eragozpenik ez sortzeko", dio Urteagak.
Halaber, uraren erabilera jasangarria egin beharko da. "Ez erabili baimendu gabeko edo ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeen produktu kimikoak".
Instalazioak zaintzea ere eskatu du Urteagak, mahukak, euskarriak eta gainerako elementuak ez manipulatzea, hain zuzen. "Azkenik, jende asko badago, txandak errespetatu eta denbora laburtu; erabili ondoren, gunea garbi utzi".