Pitxi txapelketa, denboraldiari ekiteko azken prestaketa

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ira. 14a, 10:48

Arrasate Eskubaloi taldeak mimo handiz prestatzen duen Pitxi Herrero txapelketa jokatu zuten atzo. Goizean talde gazteenetatik hasi eta arratsaldean senior mailakoen partiduarekin eman zioten amaiera egunari, Iturripen.

Atzokoa "egun luzea" izan zela adierazi du Arrasate Eskubaloi taldeko Ane Herrerok. Izan ere, infantil mailako nesken partidua 10:00etan hasi zen, eta arratsaldeko 19:30ean jokatu zen senior mailako mutilena. Tartean, beste lau partidu izan zituzten.

Goizean, gaztetxoenak

Goizetako partiduetan, hauek izan ziren emaitzak: Arrasateko infantil neskek Aloñaren kontrako partiduan 11-24 egin zuten; infantil mutilek Aloñaren kontra, 10-21; eta kadete neskak Ordiziren aurka, 13-36.

Hauxe adierazi du Herrerok: "Emaitzak ez ziren onenak izan, baina gustura gaude jende berriak jokatu zituelako partiduak. Infantil mailako jokalari berri dezente dauzkagu eta esan dezakegu proiektu berritxo baten hasieran egon gaitezkeela. Goiz polita pasa genuen".

Arratsaldean, nagusiagoak

Arratsaldeko kadete eta jubenil mailakoen partiduetarako, Herrerok esan du jendea falta zela eta aurredenboraldiko partidu "tipikoak" izan zirela, "ohitzeko partiduak", denboraldia hasi aurretik azken prestaketak egiteko balio izan zutenak.

Kadete mutilek Aloñaren kontrako partiduan, esaterako, 28-23 egin zuten; jubenil neskek Ordiziren kontra, 13-25; eta senior mutilek Gasteizko Gure Auzuneren aurka, 38-20. 

Herrerok gaineratu du azken partidu horrek "emozio berezia" izan zuela, Josu Herrero eta Unai Rodriguez jokalari ohiek berriz jantzi zutelako elastikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak