Peru Altube Kazalis: "Irail amaieran diskoa grabatzeko asmoa dut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ira. 12a, 14:23

Peru Altube Kazalis Arrasateko musikaria. Argazkia: Iratxe Etxeandia

Arrasateko Udalak antolatzen duen Oreixe Akustikoa musika zikloa borobilduko du domekan, Juan Arzamendi Musika Etxean, 19:30ean, Arrasateko bateria-joleak; gaur, egubakoitza, Bilboko Airu taldea izango da taularen gainean eta Valentziako Star Trip taldea, berriz, bihar, zapatua.

Bateria-jazz Interpretazioa ikasketetako gradu amaierako Neguko izarrak lana aurkeztuko du Peru Altube Kazalisek (Arrasate, 1995) domekan.

Gogotsu zaude zure herrian proiektu pertsonala aurkezteko?

Oso pozik eta eskertuta nago Arrasateko Udalarekin, eman didan aukeragatik, zaila izaten da-eta kontserbatorioetako proiektuak jendaurrera eramatea. Tokia ere berezia da niretzako, musika eskola horretan daude-eta nire hastapenak.

Zelakoa da Neguko izarrak lana?

Zazpi kanturekin osatutako ordubeteko emanaldi bat da. Lan kontzeptuala da; nire asmoa zen naturako elementuak oinarri hartuta bizitzaren zikloa plasmatzea, jaiotzatik heriotzara. Hortaz, egin dudana zera da: lau elementuak nire konposizioak dira; jaiotza Xabier Leteren Izarren hautsa kantuaren konponketa bat da; eta heriotza, Mikel Laboaren Negu hurbilak abestiaren konponketa bat. Ez dira abestien bertsioak, konponketa batzuk egin dizkiet, jazz estilora eta kontserbatorioko mundura gerturatzeko. Hasieratik helburua izan da gaur egun bizi dugun aldaketa klimatikoa eta beste hainbat gertakari aintzat hartuta natura erdigunean jartzea eta aldarrikapena egitea: natura garela, naturan bizi garela eta hau babestu behar dela.

Izenburu bitxia jarri diozu lanari: Neguko izarrak.

Negu hurbilak eta Izarren hautsa batzeko asmatu dudan izena da; Leteren eta Laboaren kantuak dira emanaldiaren hasiera eta amaiera; bada, batu egin ditut. Izan ere, lanaren beste helburu bat da bizitzaren jarraikortasuna azpimarratzea.

Ezagun da detaile guztiak ondo pentsatu eta landu dituzula.

Kar-kar. Hori zen asmoa bai, eta musikalki ere hala izan da, natura elementu horri erreferentzia egiten dion abesti bakoitzak ezaugarri zehatz batzuk izatea. Eta zuzeneko emanaldi osoan ere detailetxo batzuk daude erreferentzia egiten dietenak lau elementuei eta jaiotzari edo heriotzari.

Talde-formatuan aurkeztuko duzu; nortzuk dituzu alboan?

Jokin Barriola (baxua), Jon Gomez (pianoa), Jose Garcia (gitarra), Peio Martinez (saxoa), Aimar Palacios (tronpeta) eta Malentxo Zeberio (ahotsa) ditut taldekide, baina Arrasaten Laida Dominguez izango da kantuan.

Proiektuarekin jarraitzeko asmoa duzula diozu.

Oso gustura geratu nintzen emaitzarekin eta ez nuen ahanzturan geratzerik gura; hortaz, irailaren amaieran Beasaingo Pottoko estudioan [Fredi Pelaezekin] grabatuko dut, eta, ahal dugun neurrian, kontzertuak egiteko asmoa dugu.

Proiektu horretaz harago, zein da etorkizun hurbilerako asmoa?

Iruñean ari naiz, bateria irakasle, eta oso pozik nago. Aurrera begira baditut oraindik esan ezin ditudan beste proiektu batzuk buruan.

Peru Altube Kazalis, taldearekin. Argazkia: Iratxe Etxeandia.

Oreixe Akustikoan,  gaur eta bihar

Oreixe Akustikoaren ohiko egiturari eutsiz, bi asteburutan banatuta hiru kontzertu programatzen dituzte; sarrerak bost eurotan eskura daitezke, Arrasate.eus atarian eta JAMEko leihatilan.

Bigarren asteburua 2018an Bilbon sortutako taldeak zabalduko du. "Airu bandak sentimentalismoz, melodia itsaskorrez eta ahots sakonez osatutako emanaldia egingo du gaur, egubakoitza, 19:30ean hasita. Bost abestirekin osatutako Nik ez dakit ezer! Nada! EPa aurkeztuko dute. Soinu elektronikoago eta imajinario estetiko ilunago baterantz jotzen dutenak, baina hitz argitsuen eta erritmo dantzagarrien esentzia mantenduta", azaldu dute antolatzaileek.

Valentziako Star Trip

Power rock taldeak hartuko du lekukoa bihar. "Big Star, Gin Blossoms eta Teenage Fanclub taldeen estiloko abestiak egiten dituzte. 2015ean argitaratu zuten estreinako diskoa eta 2019an bigarrena; Salto al vacío eta Velocidad lana aurkezten ari dira orain, euren bertute guztiak biltzen dituen lana: gitarra elektrikoen energia, argiz betetako leloak eta ahots harmonia distiratsuak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak