Aretxabaletarra ala arrasatearra...nongotarra da Markel Arana?
Ez da erantzun erraza. Lo Arrasaten egiten dut, baina nire egunerokotasunaren zati handi bat Aretxabaletan igarotzen dut.
Hasieratik izan duzu garbi sukaldaritzan sartzea?
Ez. Batxilergoko ikasketak bukatu nituenean ez nuen garbi zer esparrutatik bideratu nahi nuen nire etorkizuna. Erabaki nuen Karlos Argiñanoren ostalaritza eskolan izena ematea. Duela hiru urte izan zen hori; eta kurtsoa probatu nuenean gustatu egin zitzaidan ikasitakoa. Harrezkero, ostalaritzan murgilduta nago; hain justu ere, aurtengo udan Zumelagan ibili naiz lanean, eta orain, Basque Culinary Centerreko gradu bat ikasten hasi naiz.
Zer ikasten hasi zara, zehazki, Basque Culinary Centerren?
Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen gradua ikasten hasi berri naiz. Lau urteko gradua da, eta sukaldaritzarekin eta ostalaritzarekin lotutako esparruetan formakuntza jasotzen jarraitzea da asmoa.
Gazta-tartak egiten trebea zarela esan digu txoritxo batek; hala da?
Uda hasieran hasi nintzen, eta lagun baten enkargua izan zen lehena. Asko gustatu zitzaion gazta-tarta, eta erabaki nuen gehiago egiten jarraitzea. Jendeari, orokorrean, gustatzen zaizkio egiten ditudanak, eta nik neuk ere uste dut oso onak direla.
Sare sozialetan sukaldaritza kontuak modan daude; pentsatu duzu zurea sortu eta edukiak igotzea? Zer iritzi duzu moda horren inguruan?
Ez dut neure burua horretan ikusten; ez naiz oso fotogenikoa eta ez da nire zaletasun nagusia. Hala ere, ondo iruditzen zait sukaldaritzarekin lotura duten sukaldariek, kritikariek eta abarrek gaiarekin lotutako edukiak sare sozialetan argitaratzea; betiere, zintzotasunez eta egia esanaz egiten badute, noski.
Bedoñako baserri batean bizi zara; baserriko lanetan ere laguntzen duzu?
Askorik ez, egia esan. Baserri batean bizi naiz, baina ez dut sekula ohiturarik izan hango lanetan jarduteko. Baserrian bizi arren, kalekumea naizela esango nuke.
Sukaldaritzaz gain, zer beste zaletasun duzu?
Orokorrean, oso kirolzalea naizela esango nuke, baina, kirol guztien artetik, futbola da nire gustukoena; UDA taldeko jokalaria naiz. Horrez gain, lagunekin, familiarekin eta neskalagunarekin denbora igarotzea ere gustuko dut.
MOTZEAN
Gazta-tarta nola? Marmeladarik gabe.
Patata-tortilla nola? Gutxi eginda, tipularekin eta piper berdearekin.
Bidaiatzeko toki bat? Lanzarote.
Abesti bat? Yo quiero bailar, Ivy Queen.
Gastronomia bat? Euskalduna, beti.
Arrasateko toki bat? Bedoña.