Errefuxiatuen kanpamentuan bizitzea nolakoa da?
Errefuxiatuen kanpamentua errefuxiatuen kanpamentua da. Hitzak guztia azaltzen du. Dagoeneko 50 urte daramatza. Ezer gehiago ez. Ni hiriburuan jaio nintzen, Martxa Berdearen urtean. Aaiun ezagutzera ez nintzen iritsi, hiru hilabete nituela kanpamentura joan ginelako.
Zure gurasoek inoiz kontatu dizute zelan bizi ziren Aaiunen?
Marokoarrak sartu arte ondo bizi ziren; nire aitak lan egiten zuen. Une batetik bestera, ordea, etxetik bota zituzten, eta oinez kilometro pila egin zituzten, Aljeriarantz. Hassan II.a Marokoko erregeak bazuen esaldi bat esaten zuena: "Espainiar bat aurkitzen baduzue, harekin partekatu zuen ogia eta esnea; saharar bat aurkitzen baduzue, akabatu". Dokumentatuta dago hori. Horregatik, jendeak ihes egin zuen kanpamentuetara.
Errefuxiatuen kanpamentutik nora joan zinen?
11 urterekin Kubara joan nintzen, ikastera, gazte talde batekin.
Ohikoa zen adin horretan kanpoan egitea ikasketak?
Bai. Azkenean, errefuxiatuen kanpamentuetan Lehen Hezkuntza ikasten duzu, eta, ondoren, atzerrira joan behar duzu ikasketak amaitzera. Gehienak Aljeriara joaten ziren; beste batzuk, Kubara edo Libiara. Bekak ateratzen zituzten herrialdeetara. Herrialde horiek arduratzen ziren gazte horiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta batxilergoa ikasteaz. Gaur egun, batzuk Venezuelara ere joaten dira.
"Errefuxiatuen kanpamentua errefuxiatuen kanpamentua da; hitzak guztia dio"
Kuban noiz arte?
Ia sei urtez egon nintzen han. Handik Malagara joan nintzen, ikasketak amaitzera. Mikrobiologia ikasi nuen, baina ez nuen amaitu. Azken urtean arazoak izan nituen bekarekin, eta utzi egin behar izan nuen arrazoi horrengatik. Marbellan egon nintzen bizitzen, eta nire alaba han jaio zen. Gero, Euskal Herrira etorri nintzen, Balmasedara.
Kanpamentua eta Kuba; bi mundu.
Haurra nintzen eta guztia ezberdin ikusten nuen. Desertu batetik eremu berde batera; euririk gabeko paisaiatik euri zaparradetara. Kuban argia genuen, autobusak, janaria... Haurra izanda, ahalik eta azkarren egokitu nintzen. Ez nintzen bizitza aurrera ateratzea nahi zuen heldu bat. Kuban egon nintzen urte guztietan ez nuen familiarekin harremanik izan, telefonorik ez zutelako kanpamentuan. Ez nuen dirurik bidaiatzeko. Orain, zortea daukat, hona etorri eta familiarengandik gertuago bizi naizelako.
Zergatik Debagoiena?
Kointzidentzia izan zen. Oxfam gobernuz kanpoko erakundean egiten nuen lan, errefuxiatuen kanpamentuan janari freskoa banatzen. Ahal nuen guztietan Balmasedara itzultzen nintzen, nire familia bisitatzera. Balmasedan urtebetez bizi izan nintzen, eta handik Arrasatera joan nintzen. Denbora bat igaro nuen hemen. Beste familia bat osatu nuen, eta gaur egun Aretxabaletan bizi naiz.
"Aaiun ezagutzera ez nintzen iritsi, hiru hilabeterekin kanpamentura joan ginelako"
11 urterekin kanpamentua utzi eta handik urte batzuetara lanera itzultzea nolakoa izan zen?
Ez zen gogorra izan. 15 urte igaro nituen itzuli gabe, ez nuelako pasaporterik eta ezin nuelako bidaiatu. Batek dakienean nongoa den, ez du aldaketarik ikusten. Ni han hazi nintzen, eta ez zegoen aldaketarik. Aldaketa gehiago ikusten du eta zailtasun gehiago du han jaiotakoa ez denak, beste bizimodu batetik datorrelako.
Hemen, Arrasaten, erraz integratu zinen?
Bai. 2015ean lagun pila nituen hemen. Udaletxean gora eta behera ibiltzen nintzen, nire etxea izango balitz bezala.
Arrazakeriarik bizi izan duzu?
Ez. Bueno, jakin behar da arrazismoa ulertzen. Iritsi berritan baietz esango nuke, ze entzun izan dut jendea gauzak esaten. Arrazismoa zerbaitek kalte egiten dizunean da. Arrazistak direnak arrazistak dira ez dutelako aurrean duten pertsona ezagutzen. Elkar ezagutzen dutenean lagun handiak izatera heldu daitezke.
Errefuxiatuen kanpamentuetan gertatzen denaren jakitun dira debagoiendarrak?
Bai, baina, zoritxarrez, sentsibilizazioan ez bada lanik egiten, gazteak dira egoera hori ezagutzen ez dutenak. Kanpamentuak 50 urte daramatza eta gazteek ez dute ondo ezagutzen gertatzen dena. Ez dago gazteak sentsibilizatzeko proiekturik. Agian, ikaskide sahararrak dituzte, baina horixe bakarrik dakite. Sahararrak direla. Lan egin behar da esparruan eta integrazioan.
Herrialde bakoitzeko izaerara egokitu beharraz egin du berba Saleh Salekek
Saiatu da euskaraz ikasten Saleh Salek, baina "zaila" iruditzen zaio: "Saiatu naiz. Hitzak ikasten ditut. Zerbait idatzi nahi badut euskaraz, itzultzailea erabiltzen dut". Euskaraz hitz egiten ez badu ere, gustatzen zaio eta nahi du jendeak euskaraz hitz egitea, euskara ez galtzeko.
16 urte betetzerako hiru kontinente –Afrika, Amerika eta Europa– zapalduak zituen, eta haren izaeran eragin zuen horrek; batez ere, komunikatzeko eran: "Herrialde bakoitzeko izaerara egokitu behar duzu. Malagarrak eta euskaldunak ez dira berdinak. Bromak egiten nituen, baina hemen ez ninduten serio hartzen. Denborarekin hemengo izaera hartu dut".