Barru Fest jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko dute bihar, 20:30ean hasita, Arrasateko gaztetxean, eta Aingura, Sustrai Berriak, Dirty Old Gasteiz eta Hankaz Gora taldeen emanaldiekin osatu dute kartela.
Etxean aurkeztuko du Arrasateko Hankaz Gora taldeak maiatzaren erdialdean kaleratu zuen Istorio zahar haiek lana. Aratz Navarro baxu-jolea eta abeslaria, Unai Ormaetxea eta Oxel Bengoa gitarra-joleak eta Andoni Pierrugues bateria-jolea igoko dira oholtzara abestiak jotzera. Biharko "gogotsu" daude, "berezia" baita Arrasateko gaztetxean jotzea. Aratz Navarrok aurreratu du "urduritasuna" areagotzen duela herrian jotzeak, lagunak eta familia gaztetxean izango direlako: "Diskoa aurkeztea berezia izango da".
Eguaztenean ziren Barru Festi begirako entsegua egitekoak, eta diskoko kantu guztiak abestuko dituzte, baina sorpresaren bat edo beste emateko asmoa ere badute.
Mondraren esentzia doinuetan
Bederatzi kantu ditu lanak; horietatik bat, Sexu, alkola eta R'n'R, Des-kontrol taldearen moldaketa da, eta haien kolaborazioa ere izan dute. "Nahiko berezia izan da Des-kontrol bertsionatzea. Azkenean, txikitatik harremana izan dugun taldea izan da, eta zortea izan dugu haiek kolaborazioa egin dutelako", dio Navarrok.
Gainerako kantuak ere estilo berekoak dira: "Kaleko musika, eta errebeldea". Diskoak "Mondra ukitu handia" duela azaldu du Navarrok; izan ere, Never Surrender, Arkada Social eta Aggressive Combat taldeen influentziak dituzte piezek.
Denen artean egin dute sortze-prozesua: "Unai eta biok elkartzen ginen, eta bion ideia ezberdinekin hasi ginen abestiei forma ematen. Oso ondo moldatu gara Unai eta biok abestiak egiteko orduan. Hitzen pisua, agian, nik izan dut, baina, azkenean, denon artean egin dugu".
Nabarmendu du sortze-prozesuan Des-kontrol taldeko Oier Beitiaren ekarpena izan dutela, eta eskertuta agertu dira taldekoak: "Beti dago laguntzeko prest, eta abesti bat sortzen lagundu digu. Ekarpen berezia izan da guretzat".
Herrian sortu, herrian grabatu
Hamarratz estudioan grabatu eta masterizatu du Hankaz Gorak bere diskoa. Zabaldu berri den estudioa da eta Navarrok adierazi du lehenak izan direla estudioa estreinatzen. "Bertakoen oso lagun egin gara. Peio Herizek eta Mikel Arriaranek asko lagundu digute. Ikasi ere asko ikasi dugu haiekin, eta jarraitzen dugu ikasten", dio abeslariak.
Diskoaren izenburua ikusita norbaitek pentsa lezake 20 urte ere ez dituzten gazteek zein "istorio zahar" dituzten kontatzeko; Navarrok azpimarratu du ez dutela istoriorik kontatu. Izenburua taldearen eta diskoaren abesti nagusitik atera dute, Iraganeko ilusioa kantutik.
Aurkezpenak oporraldi ostean
Diskoaren emaitzarekin gustura geratu dira, baina lana udan zehar aurkezteko asmoa bazuten ere, hainbat arrazoi medio ez dute kontzerturik eman. Urtebete pasatxoren ostean, abuztu bukaeran Oñatiko Bidebarrieta auzoko jaietan izan ziren, eta bihar emango dute bigarren aurkezpen-kontzertua.
Datozen hilabeteetarako badituzte zenbait emanaldi lotuta, baina Debagoienetik kanpora irten nahi dute; presarik ez dute, ordea, horretarako. Bien bitartean, zuzeneko kontzertuetan, plataforma digitaletan edo Arrasateko Basati eta Taupa tabernetan disko fisikoa erosita entzun daiteke Hankaz Goraren Istorio zahar haiek.