"Partidu historikoa" du eguaztenean Mondratek

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 15a, 09:00

Mondrateko jokalariak, joan den asteko entrenamendu batean. (Argazkia: Mondrate).

Errege Kopako partidua jokatuko dute arrasatearrek, lehen aldiz, eta Ibarrako Lauburu taldea izango dute aurrean, Bigarren B Mailan jokatzen duena, hain zuzen. Irailaren 17an izango da norgehiagoka, Musakolako kiroldegian, 19:00etan hasita. 

Mondratek lehen aldiz jokatuko du Errege Kopako partidu bat. "Partidu historikoa izango da guretzat, baita herriarentzat berarentzat ere. Areto-futbolean sekula ez dugu jokatu halako partidu bat, eta gogoz eta ilusioz gainezka gaude", dio Iker Uribesalgo jokalariak.

Bigarren B Mailan jokatzen duen Ibarrako Lauburu taldea izango dute aurkari. "Gipuzkoako talderik onena dela esan daiteke. Iaz, Bigarren Mailarako igotzeko lehian egon ziren, eta oso gertu egon ziren helburu hori lortzetik. Sekulako taldea da, eta, gainera, fitxaketa onak egin ditu. Beraz, oso zail edukiko dugu, baina gogo handiz egingo diegu aurre".

Partidu bakarreko kanporaketa izango da, eta, berdinketa izanez gero, penaltietan erabakiko dute nork egingo duen aurrera. Hala, Mondratek duen abantaila izango da etxean jokatuko duela. "Gu Hirugarren Mailako taldea garenez, kanporaketa guztiak etxean jokatuko ditugu, eta abantailatxo hori baliatzen saiatuko gara".

Zaila izan arren, arrasatearren helburua kanporaketa irabaztea da, eta, Uribesalgoren esanetan, intentsitatean egon daiteke gakoa. "Haien intentsitate-maila berdintzen edota gainditzen saiatuko gara, eta hor egongo da gure aukera. Izan ere, badakigu kalitate handiko jokalariak dituztela, Lehen Mailan jokatutakoak. Edozelan ere, guk ere baditugu gure armak, eta horretan sinisten dugu, 40 minutuan edozer gauza gerta daiteke eta".

Horretarako, ezinbestekoa izango da Arrasateko zaleen laguntza, eta Mondratek deialdi berezia egingo die: "Bideo bat zabalduko dugu, ahalik eta jende gehien batu dadin Musakolan, eta guk haien bultzada sentitu dezagun; denok batera, partidua irabazteko".

Irabaziz gero, Bigarren Mailako talde baten aurka jokatuko luke Mondratek, baina hori oraindik zehazteke dago.

Hainbat aldaketa taldean

Jokin Mujikak eta Jokin Orunak taldea utzi dute, eta hutsune horiek betetzeko bi fitxaketa egin ditu Mondratek: batetik, Mikel Moreno gasteiztarra, Aurrera Vitoriatik datorrena; bestetik, Iñaki Rivas arrasatearra, Mondraten eta Eskoriatzan jokatutakoa eta Mondran ere hainbat urtez aritu izan dena.

Horrekin batera, Jokin Vazquez 29 urteko arrasatearra ere taldera batu da, Arkaitz Ribera entrenatzaileari laguntzeko. Riberak, halaber, laugarren denboraldia egingo du entrenatzaile lanetan.

80 jokalari ditu Mondratek

Ligari dagokionez, irailaren 27ko asteburuan abiatuko dute, Gernikaren aurka. "Aurten ere goian egoteko gogoz gaude eta gure helburua da hurrengo denboraldian Bigarren B Mailan egotea. Badakigu ez dela erraza eta lan asko egin beharko dugula horretarako, baina hor jarri dugu helburutzat".

Bide horretan, garrantzitsua da harrobia ere osasuntsu izatea, eta hala dagoela adierazi du Uribesalgok: "Jokalari onak datoz behetik, Gipuzkoako selekzioan egon direnak, eta gazte batzuk lehen taldearen dinamikan sartuta ere baditugu".

80 jokalari inguru daude Mondraten, eta bi talde gehiago sortu dituzte aurten. "Eskolaz gain, infantil mailako taldea, kadete mailako bi talde, gazte mailako taldea, senior mailako bigarren taldea eta talde nagusia ditugu".

Emakumezkoen taldea osatzeko saiakera ere egin dute, baina ezin izan dute lortu. "Interesa erakutsi digute batzuek, baina ez da nahikoa izan taldea sortzeko. Datorren urtean berriz saiatuko gara, guretzat inportantea baita hori ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak