Irailaren 20an egingo duten Aurrera Bolie Eguna aurkeztu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 11a, 09:40

Atzo iluntzean Biteri plazan egindako aurkezpena.

Ohi moduan, Biteri plazan egin dute prentsa agerraldia, eta irailaren 20rako prestatu duten egitarauaren berri eman dute. "Une politikoaz arituko gara goizean eta aldarrikatzeko zein gozatzeko momentuak izango ditugu egun osorako prestatu dugun egitarauan", nabarmendu dute.

Txiki eta Otaegi oroituz abiatu dute prentsaurrekoa. "Euskal Herria markatu zuen efemeride baten 50. urteurrena beteko da irailean, mende erdia Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela. 50 urte beranduago, bada garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapiloa askatzeko, hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko", aldarrikatu dute.

Testuinguru horretan, irailaren 14an Donostiako kaleak eta irailaren 27an Iruñeko Anaitasuna betetzeko dei egin dute. "Ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko momentua da, ekin eta bultza dezagun Euskal Herria askatasunera".

Bi egun horien erdian egingo dute, hain zuzen, Aurrera Bolie Eguna, askotariko ekintzak izango dituena. Ohi moduan, bermut politikoarekin abiatuko dute egitaraua. Hala, 12:00etan, Ondo lotutakoak askatzera solasaldia egingo dute Irati Topalekuan, eta Sortuko Andoni Olariaga eta Ernai gazte antolakundeko Amaia Arbeo elkarrizketatuko dituzte. Txiki eta Otaegiren heriotzaren urteurrenari lotutako ikus-entzunezko bat oinarri hartuta, "gaur egungo betaurrekoetatik orduko borroka eta balioen gaurkotzean eta korapiloak deslotzeko konpromisoan" ardaztuko da elkarrizketa.

Ordu berean, haurrendako jolasak jarriko dituzte Biteri plazan eta, 14:30ean, berriz, auzolanean prestatutako bazkari herrikoia izango da. Paella eta saiheskia txingarretan jango dute eta aukera begetarianoa eta beganoa ere egongo dira. Elikadura oharrak tiketa erosteko momentuan aipatu beharko dira, eta tiketak jada salgai daude Irati tabernan –enplegudunek 17 euro eta enplegu gabeek 12 euro–. Horiek erosteko azken eguna irailaren 15a izango da.

Bazkaloste girotzeko, 16:30ean hasita, Andoni Ollokiegi musikariak "etenik gabeko abesti jarioa" plazaratuko du. Gero, 19:00etan, Danele Sarriugarte idazleak eta Miren Narbaiza Mice musikariak Kaixo, Karis ikuskizuna aurkeztuko dute Irati topalekuan.

22:30ean, kontzertuak egongo dira gaztetxean, eta Oñatiko Malko taldea, Odei rapero urruñarra eta Aretxabaletako 721 taldea izango dira oholtza gainean, baita DJa ere. Sarrera bost euro izango da eta gaztetxeko ateak 22:00etan zabalduko dituzte –sarrerak, momentuan bertan–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak