Ikasturte berrirako helduen programazioa aurkeztu du Arrasateko Udal Bibliotekak. Irakurketa ardatz, bost proposamen ditu aukeran datozen hilabeteetako egitarauak: batetik, literatura solasaldiak egingo dituzte euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bestetik, komikizaleendako klubak euskaraz eta gaztelaniaz. Horiez gain, idazketan trebatu nahi dutenek ere izango dute sormen-tailerra, gaztelaniaz.
Gonbidatuak literatura solasaldietan
Aldez aurretik irakurritako liburuak komentatuko dituzte taldeetan literatura solasaldietan. Dinamizatzaile batek gidatuko ditu saioak, eta zenbaitetan idazlea, itzultzailea edo ilustratzaileak gonbidatuko dituzte.
Berritasuna ere badago egitarauan. Izan ere, gaztelaniazko literatura solasaldietan Nobel Saridun Emakumeen Zikloa antolatu dute, Amparo Monterok gidatuta.
Halaber, Kike Ingame komikigileak zuzenduko du gaztelerazko komiki kluba eta Amaia Mariezkurrena hizkuntzalariak euskarazkoa.
Izen-ematea astelehenetik aurrera
Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta izen-ematea irailaren 15etik 21era egongo da zabalik. Arrasateko Udalaren webgunean eman behar da izena.