Lau puzgarri jarri dituzte gaur eguerdian Elma auzoko jaietan, horietatik hiru kerizpean- Gustura ibili dira neska-mutikoak nor bere onena ematen. Ilara handiena uretako txirrista duen puzgarriak sortu da. Umeak jakitun ziren halako bat izango zela eta bainu-jantzi eta guzti bertaratu dira. Futbol-joko erraldoiak ere harrera oso ona izan du.
Txosna ere zabalik izan da Elman eta ez dira gutxi izan zapia lepoan bertaratu diren auzotarrak. Festa hasi besterik ez da egin eta gaur arratsalderako apar-festa (18:00), Karaoketa Markel Goikolearekin (19:30-21:00), zezen-suzkoa eta su artifizialak (22:30) daude iragarrita. Gauean, berriz, Eraso! taldearen kontzertua (00:30) eta DJ Markel Goikolearen txanda (02:30) izango da.
Bihar paella-jana
Bihar, domeka, jarraituko du festak. Dultzaineroak eta erraldoiak ekingo diote egitarauari 12:30ean. Paella-jana izan ohi da jaietako ekitaldirik jendetsuenetarikoa eta 14:30ean hasiko da. Tor Magoaren saioa (17:30) eta jaien bukaera (20:00) izango dira amaitzeko.