Gaur hasi eta urriaren 3a bitartean egongo da ikusgai Ion Pousaren (Arrasate, 1957) lanen erakusketa Kulturateko klaustroan. Aspalditik dauka Pousak artearekiko zaletasuna, eta ez bakarrik margoketaren diziplinan. Hala, margotzen dituen koadrotan "beste arte diziplina batzuk barneratuta" daudela adierazi du artista arrasatearrak.
Lan heterogeneoa
"Errealismoan" oinarritutako lanak dira Pousarenak, hark dioenez. Margotzen dituen pertsonaiak oholtza gainean imajinatzen ditu beti, eta izendatzaile komun bat dago beti: oholtza bateko hondo beltza eta protagonisten jantzien koloreek sortzen duten kontrastea. Hainbat arte diziplinatan mugitzen dela dio Pousak, eta sarritan diziplina askotariko euskal artistak ere erabiltzen ditu margolanetan: "Cristobal Balentziaga moda-diseinatzailea agertzen da, baita Jon Kortajarena aktorea ere, Izaro Mentxaka opera-abeslaria...".
Aldarrikapenerako bide
Pousak sortutako lan guztiak "baltsamo bat dira gaur egun bizi dugun lazturaren aurrean. Arrazagatik, kulturagatik, generoagatik edo sexu-orientazioagatik jazarpena jasaten dutenei" egiten die erreferentzia artistak, baina badago nabarmentzen duen sarraski bat: Gazako genozidioa. Erakusketa "Palestinako herri heroikoari eskainita" dagoela dio Pousak, eta horren bitartez Palestinako herriari ekarpen bat egitea da haren asmoa: "Erakusketa ikusi ahal izateko ez da sarrerarik ordaindu beharko, baina egongo da Gazari ekarpen bat egiteko aukera. Genozidioaren aurka dagoen Arrasateko Al Ahli Arab taldearekin jarri nintzen harremanetan, eta haiek, era berean, Palestinan lanean diharduen Unadikum GKErekin dihardute lanean. Bizum edo transferentzia bidez ekarpen ekonomikoa egiteko aukera jarriko dugu erakusketan; izan ere, erakusketa bera bigarren lerro batean dago, eta Gazako genozidioak egon beharko luke lehen lerroan". Honako telefono honetara egin daiteke bizum-a: 622 10 40 72.
Herrira bueltan
Urte dezente daramatza Pousak Arrasatetik kanpo bizi izaten, eta erakusketa Kulturateko klaustroan egotea "herrira itzultzea" bezala izan dela dio arra- satearrak. "Horrenbeste denbora igaro eta gero herrira itzultzea bezalakorik ez dago; herritarrei nire lanak erakutsi nahi dizkiet".