Irailarekin batera, Arrasateko ludotekek eta gaztetxokoek ere ohiko jardunari helduko diote. Zerbitzu horien helburua da aisialdi hezitzailea oinarri duten kalitatezko zerbitzuak ematea, "herriko haurren eta nerabeen interesak, beharrak eta egoera emozionala erdigunean jarrita".
Ludotekak 3 eta 11 urte arteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. "Jolaserako eta gozamenerako guneak, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte hartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko… betiere, berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta", diote.
Okendo, Santa Marina eta Usaetxeko ludotekek irailaren 8an irekiko dituzte ateak, eta astelehenetik egubakoitzera egongo dira zabalik, 17:00etatik 20:00ak arte. Aurten, gainera, nobedade batekin hasiko dute ikasturtea: matrikula doakoa izango da. Ludoteketan bertan edo udal webgunean eman daiteke izena.
Gaztetxokoak, berriz, 12 eta 17 urte arteko nerabeei zuzendutako espazioak dira, haien garapenean "esanguratsuak" diren arloak lantzeko: "Pertsonen arteko harremanak, parte hartzea, sormena, autonomia, emozioak eta abar". Irailaren 9an zabalduko dituzte, eta martitzenetik egubakoitzera erabili ahal izango dira, 17:00etatik 20:00etara.
Azkenik, nerabeei zuzendutako asteburuko aisialdi eskaintza gaztelekutik bideratzen dute, Nafarroa etorbidean dagoen tren geltoki zaharretik, hain zuzen. Irailaren 12an irekiko dute, egubakoitza, 18:00etan, eta asteburu guztietan egongo da zabalik, honako ordutegi honekin: egubakoitzetan 18:00etatik 21:00etara; eta zapatu eta domeketan 17:00etatik 21:00etara.