Urriaren 3an ospatuko dute aurten Maritxu Kajoi eguna. Horren harira, Emaus Gizarte Fundazioak eta Arrasateko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, jaia, iraunkortasuna eta herritarren parte-hartzea batzen dituen ekimena jarri dute martxan. "Helburua da herritarrak gonbidatzea bigarren eskuko modaren aldeko apustua eginez jai-jantzia prestatzera", adierazi dute.
Hausnarketa partekatu batetik sortu dute ekintza: "Arropa neurriz kanpo kontsumitzeak, askotan egun bakarrerako eskuratuta, ehungintza industria kutsatzaileenetako bat bihurtzen du. Erabili eta botatzearen eredu horren aurrean, Emausek erakutsi nahi du herri-ospakizunetan ere posible dela berrerabilpena eta zirkulartasuna, gero eta pertsona konprometitu gehiago biltzen dituen erronka".
Kontzientziazioa ere bada helburuetako bat. "Berrerabilitako jantzi bakoitzak, baliabideak aurrezteaz eta hondakinak murrizteaz gain, enplegu inklusiboa sortzen laguntzen du Emaus Gizarte Fundazioaren gizarteratze-enpresen bidez", gaineratu dute.
Bigarren eskuko bi azoka
Hori dela eta, bigarren eskuko bi azoka egingo dituzte, irailean, Emaus Gizarte Fundazioaren dendan (Arrasate, Bidekurtzeta kalea, 2). Lehen egunean, irailaren 12an, 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta irailaren 20an, aldiz, 10:30etik 13:30era.
Nabarmendu dutenez, azoka hori leku "ezin hobea" izango da "denetariko altxorrak" aurkitzeko: "Jantzi osoak ala solteak, oinetakoak eta era guztietako osagarriak. Erosketa esperientzia, beraz, bilaketa eta sormen joko bihurtzen da, non jantzi bakoitzak aurreko bizitza bat eta kontatzeko istorio bat duen".
Tailerra, Maialen Urangarekin
Horrekin batera, estilismo-tailer pertsonalizatu bat egingo dute, Maialen Uranga estilista profesionalak zuzenduta, eta banakako saioetan, pertsona bakoitzari lagunduko dio estilo pertsonala ondo islatzen duen janzkera aurkitzen. 16 urtetik gorakoentzako tailerra izango da eta hamar euro ordaindu beharko da izen-ematea. Hamabi pertsonarendako lekua egongo da eta izena emateko bi bide daude: iban.bujan@emaus.com helbidera idatzi edo 943 77 18 71 telefono zenbakira deitu.
350 langile ditu fundazioak
Gizarte mailan konprometitutako erakundea da Emaus Gizarte Fundazioa, inklusioaren eta ekonomia zirkularraren esparruan erreferentea dena. "Komunitatea eraldatzea bultzatzen dugu, herritarren pentsamendu kritikoa sustatzen duten sareko prozesuak eta proiektuak aktibatuz, ingurune sozial, kultural eta ekonomiko bidezkoagoa, inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztiak eta ingurumena zainduko dituena", azaldu dute.
45 urte ditu fundazioak, eta 350 langile. Horrez gain, hiru zentro ditu enplegurako formazioak emateko, baita bi gizarteratze enpresa ere. Halaber, 2.400 kilo hondakin/baliabide baino gehiago kudeatzeko ahalmena duten hiru tratamendu zentro ere baditu.