Martxan da Fagor Herrigintza lankidetza programan izen-ematea. Laugarren edizioa du aurten ekinbideak, eta gizarte eragileek hilaren 30era arte, martitzena, dute proiektuak aurkezteko aukera Fagorren webgunean; horretarako baldintzetako bat da, hain zuzen ere, dokumentazioa gutxienez euskaraz egotea. Aurreko aldietan bezalaxe, 120.000 euro zehaztu dituzte, hiru dirulaguntzetan banatuta: 60.000, 40.000 eta 20.000 euro. Era horretan, "Euskal Herri hobe baten lanean ari diren gizarte eragileen egitasmoak laguntzea" du xede Fagorrek, "komunitatearekin, eta, oro har, gizarte erronkekin, duen konpromisoa oinarri".
Dirulaguntzak jasoko dituzten proiektuen hautaketari dagokionez, aurretik ezarritako oinarrien araberako balorazioa egin ondoren, Fagorreko kooperatibetako bazkideek hautatuko dituzte eta abenduko lehen hamabostaldian jakinaraziko da. "Askotariko proiektuak lagundu dira azken urteotan Fagor Herrigintzaren bidez, barrura begirakoak zein nazioarteko elkartasunari lotutakoak. Deialdi ireki honen helburua da Euskal Herriko eragile orori ematea Fagorren gizarte laguntza jasotzeko aukera, eta, hein batean, egunez egun egiten duten laan eta ahalegina aitortza", adierazi du Aritz Otxandiano Kanpo, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.